Arropak jasotzeko edukiontzian liburuak, jostailuak eta bestelakoak ere batuko dituzte aurrerantzean

Barren.eus 2021ko ots. 5a, 16:35

Arropaz, oihalez eta ehunez gain, liburuak, jostailuak, bitxiak eta bazar-hondakinak ere laga ahal izango dira aurrerantzean Mankomunitateak horiek jasotzeko erabiltzen dituen edukiontzietan. 2020an, Debako, Mutrikuko eta Mendaroko biztanleek bereizi zituzten mota horretako hondakin gehien eskualdean.

Debabarreneko Mankomunitateak jakinarazi duenez, 2021era begira, edukiontziotan batutako hondakinen kopurua gehitzea espero dute. Aurtendik hasita, arropa, oihalak eta ehunak biltzeko edukiontzian, liburuak, jostailuak, bitxiak (lepokoak...) eta bazar-hondakinak (figuratxoak eta bestelakoak) ere batuko dituzte. Datozen lau urteotan, irabazi asmo gabeko Koopera enpresa arduratuko da zerbitzuaz, ia 49.500 euroko aurrekontuarekin.

Gaur gaurkoz, 33 edukiontzi daude eskualdean: 11 Eibarren, 6 Ermuan, 5 Elgoibarren, 4 Deban, 3 Soraluzen, 2 Mutrikun eta bana Mallabian eta Mendaron. “Kontratu berriarekin bi edukiontzi gehiago edukiko ditugu. Horiek non jarri erabaki beharko da orain”.
2019an, mota horretako 273 tona hondakin sortu ziren Debabarrenan; 2020an, berriz, kopuru hori 255 tonatara jaitsi zen. 2021erako kopuruak gora egitea espero da, eta 282 tona biltzea. 2019an biztanleko 3,84k. batu ziren, 2020an 3,78k eta 2021ean 3,94k.
Mankomunitateak helarazitako datuen arabera, Debako, Mutrikuko eta Mendaroko biztanleek bereizi zituzten gehien mota horretako hondakinak; Deban zehazki 5,69 kilora iritsi zen biztanle bakoitzak bereizitako kopurua.
 • Bilketa maiztasunak
Hondakin gehien sortzen diren udalerrietan, hau da, Eibarren, Ermuan eta Elgoibarren, bilketa astean hirutan egingo da, astelehen, eguazten eta barikuetan. Eskualdeko gainerako udalerriei dagokienez, bilketa astean bitan egingo da, martitzenetan eta eguenetan. Kasu guztietan, bilketa egunez egingo da.

 • Hondakinen berrerabilera
2019an, Kooperak bildutako hondakinen %47,49a berrerabili zela nabarmendu du Mankomunitateak, %37,63a birziklatu egin zen, eta %14,88a soilik geratu zen balorizazio energetikorako. Kooperak berrerabilpen tasa hori lortu du, hein batean, eskualdean dituen bi dendei esker, "Koopera Store" izenekoak, non berrerabilitako material horiek merkaturatzen diren. Horietako bat Ermuko Goienkale kaleko 7. zenbakian dago, eta bestea Eibarko Zuloagatarren kaleko 5. zenbakian.