Elgoibarrek bat egingo du emakume zientzialarien nazioarteko egunarekin

Barren.eus 2021ko ots. 4a, 13:26

Elgoibarko Udalak bat egingo du otsailaren 11ko Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin, eta horren harira, hainbat ekitaldi antolatu dituzte otsailaren 8tik 21era bitartean.

Hiru ekimen burutuko dituzte: Batetik, Elgoibarko hamabost komertziok erakusleihoak apainduko dituzte emakume ikertzaileen omenez, #Erakusleihoak011ekimenaren barruan.

  • Honako hauek dira hamabost komertzioak: Agurtzane ile apaindegia, Karkizano, Lagunak koltxoi denda, Nalai oinetakoak, Pitxintxu, Farmazabal, Itziar Sarasketa ortopedia, Sara jantzi-denda, Casa Astigarraga, Iriondo Kirolak, Ene Bada, Ecenarro mertzeria, Doña Mercedes, Garbiñe estetika eta Kima bioestetika.

 • “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimena
Elhuyarrek urte osoan egiten du lan neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten STEAM hezkuntzaren bitartez, eta, horretarako, emakume zientzialarien lana balioan jarri eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko.
Eta emakume zientzialarien nazioarteko egun honi lotuta ere, hilabete osoan egingo diren hainbat ekintza antolatu ditu Elhuyarrek. Alde batetik, 'Zientziaren izarrak. Emakumeak itzaletik argira' liburua Elkarren liburu-dendetan eskura ahal izango da otsailaren 11etik aurrera. Garai bateko emakume zientzialarien istorioak eta historiak biltzen dituen liburu ilustratua.
Liburuko ilustrazioak ere kartel bihurtuko dira, eta Euskal Herriko hainbat tokitan zabalduko dira bi ekimenen bitartez: batetik, Gipuzkoako ikastetxeetara bidaliko dira ikasleek emakume ikertzaileak eta euren lanak ezagut ditzaten; eta, bestetik, Bizilabe proiektuaren barnean, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimena egingo du Elhuyarrek Bilbo, Elgoibar, Ermua, Soraluze eta Tolosaldeko herrietan, bertako udal eta garapen-agentziekin elkarlanean. Ekimen horretan, 76 establezimenduk parte hartuko dute. Establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioa eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte bertan, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute erakusleihoa. Horrela, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta, gainera, emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten lagunduko dute. Ekintza beraren barnean, Bizilabeko gazteek bideo bidez aurkeztuko dituzte emakume horien istorio eta historiak eta haien ikerketa-gaiari lotutako esperimentuak. Bizilaberen webgunean egongo dira ikusgai.

 • Matriuska antzezlana, atzeratuta
Era berean, nagusientzako Matriuska antzezlana antolatu dute. Hasiera batean otsailaren 13rako zuten iragarrita, baina Covid-19a dela-eta, atzeratu egin dute egoerak ahalbidetzen duen arte.

 • Zientzia pilulak Elgoibarko emakume uingeniariekin
Azkenik, otsailean zehar, LH6ko eta DBH1eko ikasleentzako Zientzia Pilulak emango dituzte herriko ikastetxeetan. Elgoibarko emakume ingeniari "erreferenteek" eta Bizilabeko emakume zientzialariek gidatuko dute ekimen hau. Amaia Kaltzakorta, Nagore Escudero (codesintax), Ane Garmendia (Gaindu), Natalia Solozabal (Doimak) eta Dorleta Fernandez (Alkorta)  dira parte hartuko duten Elgoibarko emakume ingeniariak.

Elgoibarko Udalarekin batera, Elhuyar, Ikastola, Herri Eskola eta Institutua, Egur Arte tailerra, merkataria, Bizilabeko gazteak eta Elgoibarko emakume zientzialariak dira egitasmo honen sustatzaileak.

Bizi dugun egoeran egonda ere herriko eragile, talde, komertzio, gazteen lanak eta elkarlanak "balio handia" duela azpimarratu du Elgoibarko alkate Ane Beitiak ekimena aurkezteko agerraldian. "Are gehiago Covid19aren pandemia dela eta bizi ditugun garai zail hauetan sektore askorentzat. Bereziki eskertu nahi dut merkataritzaren presentzia ekimen honetan, eta kemena, saltokietako gizon eta emakumeak burutzen ari diren lan etengabea eta berritzailea egoerari erantzunez. Azken finean ekimenaren helburua hori da: herriko emakumeek egin eta egiten duten lana balioan jarri eta ikusaraztea. Are gehiago zientzia alorrean, eta orain, Covid19aren pandemia dela-eta, zientzia inoiz baino ezinbesteagoa zaigun honetan. Hor dago etorkizuneko hanka bat, eta Elgoibarren badugu hazi hori. Ezagutu eta balioan jarri behar dugu".

2021 02 03 emakume zientzialariak aurkezpena elgoibar udala