Hondakinen gaikako bilketak %55eko muga gainditu du Debabarrenan

Barren.eus 2021ko ots. 1a, 13:24

Debabarrenean, 2020an hondakinen %55,26 gaika batu zuten, 2019an baino %1,24 gehiago. Mankomunitateko lehendakari Iosu Arraiz pozik agertu da hondakinen kudeaketari buruzko iazko jarduerek lagatako emaitzekin.

Arraizek, batik bat, abenduko datuak azpimarratu ditu, iazkoekin alderatuta, hiru puntu igo baita gaikako bilketaren portzentajea eta %58,61 izan da abenduan. Sortutako hondakin kopuruaren igoera txikia izan dela kontuan hartuta (32 tona), aurreko urtean baino 403 tona gehiago batu dira gaika.

Mankomunitateko presidenteak oso modu positiboan baloratu ditu emaitzak, herritar guztion “emaitza” dela azpimarratu du eta herritarrei esker ona helarazi die, are gehiago urte berezia izan den honetan. “Debabarrena osatzen duten guztien emaitza da, eta zentzu horretan esker hitzak ditut eskualdeko herritar guztientzat. Ondo goaz, baina ezin gara erlaxatu. 2030erako %70eko birziklapen tasa lortzea ezarri dugu estrategia eran, eta bide horretan atzerapausurik eman gabe jarraitu behar dugu, elkarlanean. Guztion ardura da gure lurra zaindu eta jasangarriak izatea”.

Aipamen berezia egin dio errefusean izan den murrizketari. Jakinarazi duenez, Mankomunitateak urrian aurkeztutako plan estrategikoan helburutzat ezarri zen urtero errefusa 522 tona murriztea eta 2020an, urte erdian, errefusa 371 tonatan murriztea lortu da, ezarritako neurriei eta azken hilabeteetan egindako kanpainei esker; ostalaritzari eta saltokiei zuzendutakoa bata, eta herritarrei zuzendutako Gabonetako kanpaina bestea.
 • 2021erako erronkak
Aurrera begira, helburu nagusia 2020an lortutako dinamika onari jarraipena ematea dela iragarri dute. Zentzu horretan, Mankomunitateko presidenteak jakinarazi du aurten, saltoki handietan, elkarte gastronomikoetan eta arrandegietan hondakin gutxiago sortzeko kanpainak egingo dituztela. Industrialdeetan film industrialen bilketa egitearen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa ere baloratuko dute. Eta, oro har, Mankomunitateak jomuga duela, “hartutako neurrien, kanpainen eta herritar guztien inplikazioaren bidez, birziklagarria ez den errefusaren zatikia 522 tona murriztea eta proportzio berean handitzea birziklagarriak diren zatikiak”.

∞Lotura duten albisteak: