43 kasu positibo atzeman dituzte asteon Elgoibarren, aurreko asteko kopuruak bikoiztuz ia

Barren.eus 2021ko urt. 29a, 16:44

Azken lau egunetan 43 koronabirus positibo atzeman dituzte Elgoibarren, aurreko astean baino 18 kasu gehiago. Neurri berrien aurrean, Elgoibarko udalak jakinarazi du udaltzaingoaren presentzia indartuko duela kalean, bereziki sarrera-irteeretan.

Era berean, udaltzainek ostalaritza sektoreari arautegia gogoraraziko diola azaldu dute eta egoeraren jarraipena egiteko ostalaritzako kideekin batuko direla ere azaldu dute. Ane Beitia alkateak herritarren erantzukizuna eta konpromisoa eskatu du beste behin: “guztion alea da garrantzitsua, guztiok batera egin dezagun aurrera. Neurri oro zorrotz bete behar dugu: higienea, musukoaren erabilera, elkartzeak saihestea. Birusari mugak ezartzea gure esku dago hein handi batean, eta bat eginik, neurri oro betez, gaindituko dugu hau ere egoerak hobera egin dezan. Egoera kezkagarria da, kutsatze tasa altua dugu herrian zein inguruan. Gizarte-harreman oro eten eta neurriak zorrotz bete behar ditugu", esan du.

 • Intzidentzia-tasak gorantz jarraitzen du
Astelehenetik eguenera, 43 positibo berri atzeman dituzte Elgoibarren (aurreko astean 25 atzeman zituzten eta 11 orain dela bi aste): 15 eguenean, 8 eguaztenean, 10 martitzenean eta 10 astelehenean. Elgoibarren 472,81koa da 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia metatua, azken 14 egunetan 86 positibo atzeman eta gero.
Mendaron 7 koronabirus positibo berri zenbatu dituzte asteon, 6 astelehenean eta bat gehiago atzo. 851,06ean jarraitzen du intzidentzia-tasak. Mendaro herri gorrien zerrendan sartu zuen atzo Jaurlaritzak, eta horren ondorioz gaurtik itxita dago ostalaritza. Era berean, Mendaroko Udalak ere zenbait udal zerbitzu eta espazio ixtea erabaki du.

Eskualdean Ermua (549,35) eta Elgoibar dira eremu gorrian dauden herriak, baina Eibar ere eremu gorritik gertu dago 447,70ko intzidentzia-tasarekin. Mutriku (414) eta Deba (311,75) eremu horian daude. Soraluzen bi positibo atzeman zituzten atzo eta 75,49koa da intzidentzia. Guztira 38 positibo berri atzeman zituzten atzo Debabarrenan, aurreko egunean baino zazpi gehiago.
Atzo, 17.285 test diagnostiko egin ziren EAEn, eta, haietatik, 1.264 positiboak: 178 Araban, 714 Bizkaian, 357 Gipuzkoan eta 15 EAEtik kanpo bizi diren pertsonetan.
COVIDaren ondorioz 86 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta COVIDa duten 140 pertsona ZIUn daude.

∞Lotura duten albisteak: