Txertoen auziaren harira, dimisioa eman dute Debabarrenako ESIko zuzendaritzako bi kidek

Barren.eus 2021ko urt. 28a, 15:42

Debabarrenako ESI Erakunde Sanitario Integratuko medikuen zuzendariak eta erizainen zuzendariak dimisioa eman dute, txertaketa irregularrekin lotuta. 

Jakina da Basurtuko ospitalean eta Santa Marina erietxean txertoak hartu dituztela hainbatek, hartzea ez zegokienean. Auzi honen harira azalpenak eman zituen atzo Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Sagarduik onartu zuen deskoordinazioa egon zela Santa Marina erietxean eta horrek eragin zuela txertaketa modu desegokian egin izana. Era berean, onartu zuen beste ESI batzuetan ere jarri zizkietela txertoak zuzendaritzako hainbat kideri, tartean Debabarrenakoan. 

Sagarduiren esanetan ESIko bertako prebentzio-zerbitzuek egiaztatu zuten, zuzendaritzako kargudunak izan arren, covid-19arekin lotutako gaixoei ere laguntza ematen ziela eta, beraz, "txertoa hartzea egokitu zitzaiela, hartu-eman zuzena dutelako pazienteekin". Ordu batzuk geroago, zuzendaritzako bi kideek dimisioa aurkeztu zuten, "arrazoi pertsonalak" medio.

ELA sindikatuko ordezkari Esther Saavedrak eman du ESI Debabarrenako bi kideen dimisioen berri, gaur Osakidetzako grebaren harira sindikatuek Bilbon egin duten manifestazioan. Ondoren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak albistea baieztatu du, bi zuzendariek bart dimititu zutela esanez.

Debabarreneko ESIko lantalde osoa txertatzea zela asmoa jakitera eman du ELA sindikatuak, baina euren iritziz ez dabiltza protokoloa errespetatzen, "ez baitute lehenesten arrisku taldean daudenen txertaketa". Bi dimisioen ostean, ikerketa abiatu eta erantzuleak bilatu behar dituztela adierazi dute sindikatuko arduradunek.

Eskualdean bizi diren 76.000 biztanle ingururen osasun zerbitzuen kudeaketaz arduratzen da Debabarreneko ESIa. Bizkaiko Ermua eta Mallabia, eta Gipuzkoako Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Deba eta Mutriku. Herritarrei zerbitzu integratu hori emateko lehen mailako arretako bost unitate eta Mendaroko zein Eibarko ospitalea dituzte.