“Eukaliptoa Mendaron: nora goaz” hitzaldia antolatu du Mendaroko Udalak urtarrilaren 29rako

Barren.eus 2021ko urt. 21a, 11:13

Eukaliptoaz berba egiteko bi aditu gonbidatu ditu Mendaroko Udalak eta zuhaitz espezie honek ingurumenean duen eraginari buruzko hitzaldia emango dute urtarrilaren 29an.

Arturo Elosegi, Euskal Herriko unibertsitateko zientzia eta teknologia fakultateko irakasle katedraduna, eta Aitor Onaindia, Baso elkarteko teknikaria, dira Mendaroko Udalak eukaliptoaz berba egiteko gonbidatu dituen adituak. Urtarrilaren 29an, barikua, izango da hitzaldia, 18:00etan, San Agustin kulturgunean. Joateko interesa dutenek gonbidapena eskatu beharko dute udaletxean aurrez, ondorengo telefono zenbakira deituta: 943 033 282. Izan ere, gehienez 44 lagunentzako lekua izango da, pandemia egoerako neurriengatik. 

Mendaroko Udaletik jakinarazi dute baserritarrekin izandako bilera batean irten zela gaiaren inguruan hitz egin eta ezagutza handitzeko beharra.  

Arturo Elosegik 30 urte daramatza eukaliptoaren eraginak aztertzen, eta eukaliptoa landatzeak Euskal Herriko ingurumenean eragiten duen kalteak aztertu dituen ikerketa egin du, beste hiru ikerlarirekin batera, Eusko Legebiltzarraren enkarguz. Besteak beste, ibaietan eta animalietan eukaliptoak eragin dituen kalteak jaso dituzte: 'hostoak pozoitsuak dituela badakigu eta su hartzeko arrisku handiagoa da, besteren artean', adierazi zuen Elosegik Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan egin zioten elkarrizketan. Bertako basoa eta pinudiaren landaketarekin alderaketa egiten duen txostenak jasotzen du, 'zalantzarik gabe eukaliptoa zabaldu ahala, pinudia edo bertako zuhaitzak eukaliptoak zuhaitzak ordezkatzen baditu, espeziak galduko' direla.
Azken urteetan nabaria izan da zuhaitz mota honen zabalpena. Kopurutan 'laukoiztu egin da'. Lurraldearen % 3 baino gutxiago hartzen duen arren, joera nabaria da 'orain urte batzu Bizkaiko kostaldean bakarrik landatzen zuten, Gipuzkoan ari da orain bereziki aztertzen'.