Hil amaieran hasiko dituzte Elgoibarko Emakumeen Etxea eraikitzeko lanak

Barren.eus 2021ko urt. 16a, 11:02

Elgoibarko Udalak Arkhiru Arkitekoak herriko enpresari esleitu dio Elgoibarko Emakumeen Etxea hartuko duen gunea -King-kong eraikinean- egokitzeko obra. Lanak urtarrilaren amaieran hasiko dituztela jakinarazi dute.

Elgoibarko Arkhiru Arkitekoak enpresari esleitu zaio Emakumeen Etxea izango den gunea egokitzeko obra. Hala, San Frantzisko kaleko 21 zenbakian, aurrez, Gotzon Garate Udal Liburutegia egon zen espazioaren erdia egokituko du, 150 m2 inguruko azalera izango duen Emakumeen Etxea sortzeko. Obra bi fasetan burutuko dela jakinarazi du Udalak, guztira 83.400,44 euroko aurrekontua du eta urtearen lehen seihilekoan bukatuta izatea aurreikusten dute.

Emakumeen etxea herriko emakume elkarteen eta mugimendu feministaren aspaldiko aldarrikapena dela gogora ekarri du Ane Beitia alkateak. "Proiektu partekatua da zentzu orotan, berdintasunaren izpiritua guztion artean eraiki eta zabaldu behar baitugu eta Emakumeen Etxea tresna oso garrantzitsua izango da Elgoibar berdinzalea sustatu eta lortzeko”, adierazi du.
Era berean, nabarmendu du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko bidean pausu berri bat dela Emakumeen Etxea. "Elgoibarko Udalak zerbitzu eta programen eskaintza zabala kudeatzen du berdintasunaren esparruan; behin Elgoibarko Emakumeen Etxea definituta, eraikina egokitu eta zabaltzea izango da pausu berria".

Horretarako, Udalak Emakumeen kontseiluarekin eta herriko beste hainbat talde eta arlotako emakumeekin elkarlanean, Emakumeen Etxea irudikatzeko ibilbidea diseinatu zuen 2020an, parte-hartze prozesu baten bidez.

Prozesuan zehaztu zen honako funtzioak beteko dituela Emakumeen Etxeak: Emakumeen parte-hartzea sustatzea bizitzako arlo guztietan, bereziki, jabekuntza indibidualetik kolektibora bideratutako jarduerak landuz; emakumeen bizi-baldintzak ez ezik, emakumeek jendartean duten tokia hobetzeko ere lan egitea; Elgoibarko talde eta elkarteen arteko elkarlana eta emakume anitzen arteko elkarlana sustatzea; berdintasunaren inguruko prestakuntza, sentsibilizazioa eta informazioa sustatzea; eta aldaketa soziala eta feminista lortzeko jarduera estrategikoak bultzatzea.

Ane Beitia alkateak nabarmendu duenez herritarren inplikazioa “handia” izan da: “parte-hartze prozesuan jasotako ekarpenak emankorrak izan dira. Emakume elkarte feminista ezberdinen iritziak jaso ditugu, eta norbanako moduan ere herritar askok parte-hartu dute. Xedea da espazio dinamikoa eta irekia izatea, enpatia sortzeko topagunea, ikasteko eta informazioa jasotzeko tokia, jabekuntza sareak sortzeko espazioa, eta emakumeen berdintasuna, askatasuna, partaidetza eta presentzia sustatzeko gunea”.