Zirardamendi inguruan bertako zuhaitzak auzolanean landatzera animatu ditu herritarrak Lurgaia fundazioak

Barren.eus 2021ko urt. 12a, 14:20

Lurgai biodibertsitatea eta Euskal Herriko basoen kontserbazioan lanean ari den irabazi asmorik gabeko fundazio bat da. Urdabai ingurua da beraien lan eremu nagusia, baina aspaldi honetan esparru hori zabaltzen dihardute, eta honakoan Elgoibarren antolatu dute zuhaitz landaketa bat.

Erabilera lagatzeko akordio batzuei esker lur berriak lortu dituzte Lurgaia fundazioko kideek Elgoibarren, Zirardamendi inguruan, hain zuzen ere. Lur horietan landatuko dituzte bertako zuhaitzak zapatu honetan, urtarrilaren 16an. Auzolanean egin nahi dute landaketa eta parte hartzera animatu dituzte herritarrak. Parte hartu nahi duenak aldez aurretik eman beharra dauka izena, hiru egun lehenago gutxienez. 16 urtetik gorakoek eman dezakete izena bakarrik, eta ohartarazi dute izena emanez gero kale ez egitea; edo kale eginez gero, aldez aurretik abisatu beharra dagoela.

Ohartarazi dute, baita ere, ezin dela joan izena eman gabe eta antolatzaileen baieztapena jaso gabe.
09:00etan egin dute hitzordua, Aizkorri eta Santa Klarako kaleen bidegurutzean. Lurgaia Fundazioaren eskutik egingo da landaketa. Ura etxetik eraman beharra dago, baita zerbait jateko ere, hamarretarako. Mendiko edo ur botak eraman behar dira eta arropa erosoa. Eta euri arropa, badaezpada. Eskularruak eta landatzeko-tresnak, berriz, antolatzaileek banatuko dituzte. Bazkalordura arte jardungo dute zuhaitzak landatzen.
Izena emateko info@lurgaia.org e-postara mezu bat bidali behar da, ondorengo datuak emanez:

  1. Parte hartzaileen izenak, abizenak eta adinak
  2. Jatorrizko udalerria
  3. Mugikor zenbaki bat (ezustekoetarako bakarrik)

2021 01 12 lurgaia fundazioa zuhaitz landaketa undabaso urdaibai

2021 01 12 Lurgaia boluntario sarea