Sabin Osoro hil da, Elgoibarren kultur eta enpresa alorreko ekimen askoren sortzaile eta sustatzaile izandakoa

Barren.eus 2021ko urt. 9a, 11:12

Sabin Osoro Unzueta hil da, gizarte eta enpresa alorreko hamaika ekimenen sortzaile eta sustatzaile izandakoa, tartean Elgoibarko Izarra kultur elkartearena berarena. Atzo hil zen Osoro, 98 urte zituela, eta haren aldeko elizkizuna martitzenean, hilaren 12an, egingo dute, Elgoibarko San Bartolome parrokian, 19:00etan.

1922. urtean jaio zen Sabin Osoro eta haren curriculum pertsonal-profesionala gizarte eta enpresa arloko ekimenei lotua egon da beti, bai Elgoibarren eta baita Debabarrenean ere. Eta egindako lana eskertu eta aitortu zioten 2014an, Gure Balioak sariarekin. Haren izaera "adoretsua" eta "izaera bisionarioa" nabarmendu zituzten orduan. Bere garairako aurreratua izan zela jaso zuen Gure Balioak sariketako epaimahaiak eta buru-belarri jardun izan zela beti lanean, protagonismoei izkin eginda. Bere buruaz honela esan izan zuen berak: "Ezinegon handikoa izan naiz, ameslari xamarra beharbada". Saria jaso zuen astean bertan, 2014ko azaroaren 7an, elkarrizketatu genuen BARRENen (926.zenbakian) eta hemen duzue irakurgai. Hemen, era berean, Debegesak orduan zabaldu zuen bideoa, ikusgai: 

Osoro Danobat enpresaren sortzaileetako bat izan zen eta kooperatiba-aurreko egitura sozietarioaren ideologoa ere ebai. Enpresa hura kooperatiba bihurtu zenean Batzar Nagusiko presidente izendatu zuten. Era berean, Eguzki eta Goiti enpresen sorkuntzan ere parte hartu zuen. Gizarte ekimenei egindako ekarpenetan, berriz, nabarmentzekoak dira ondokoak. Ongarri Kultur Elkartea sortu zuen 1959an eta Elgoibarko Izarraren sortzaileetako bat ere izan zen, 1963an. Euskara eta euskal kulturaren alde lan nekaezina egin zuen Osorok eta eskertuak gatzaizkio horregatik guztiagatik ere. Elgoibarko Ikastolaren sorreran ere berebiziko garrantzia izan zuen. Behar zen guztian lagundu zuen Osorok, baina bereziki finantziazioa lortzeko ideiak proposatzen jardun zen.
 
Kultur arloan ez ezik, gizarte alorreko hainbat proiekturen bueltan ere jardun zen lanean Sabin Osoro. La Elgoibarresa kontsumo kooperatiba eratu eta sustatu zuen, esaterako, gero Eroskin integratu zena, eta IZPI elbarriei zuzendutako lantegiaren sorreran ere lagundu zuen, bai eta Drogak Eragindakoen Elkartearenean ere. Azken horien inguruan, hala ere, beti esan zan zuen emazteak, Garbiñe Uriguenek, merezi zituela aitortzak. Honelaxe aitortu nahi izan zuen Garbiñek egindako lana 2014an emandako elkarrizketan: "Emaztearen ideia izan zen IZPI. Ezinduei laguntzen ibiltzen zen, eta behin joan zen Bergaran zabaldu zuten tailer bat ikustera, gonbidatuta. Hain gustatu zitzaion asko proiektu hura, taldeko lagun ezinduei Elgoibarren halakoxe tailer bat sortuko zutela agindu ziela eta etorri zitzaidan neri gero laguntza eske. Udaletxean aurkeztu nuen proiektua eta Jaurlaritzara ere jo nuen diru eske. 13 milioi eskatu genizkion euskal gobernuari lokala erosteko, eta proiektua eskualde osorakoa egiten bagenuen emango zigutela agindu ziguten. Eta halaxe, Elgoibarrerako zena eskualde osorako egin genuen. 40 langile izatera iritsi zen Izpi. Benetan tailer polita eta proiektu garrantzitsua izan da urteetan. Drogekin, berriz, arazo handiak izan ziren Elgoibarren. Batzorde bat sortu zuten, eta emaztea ibili zen han ni baino gehiago. Nola ez genien lagunduko ba haiei! [GIB birusaz kutsatutakoez ari da] Baztertuta zeuden, eta hil ere egin ziren batzuk. Frankismoa garai zaila izan zela esan dizut, baina hau gogorragoa izan zen. Gazte jende asko gelditu zen harrapatuta eta familia asko apurtuta"