San Lazaro egoitzakoek hartu dute koronabirusaren kontrako txertoa

Barren.eus 2021ko urt. 5a, 15:10

San Lazaro egoitzako egoiliarrak eta beharginak izan dira Elgoibarren Koronabirusaren kontrako txertoa hartzen lehenegoak. Pfizer markako txertoa jarri diete.

Abenduaren 30ean hartu zuten egoiliarrek lehenengo dosia, eta urtarrilaren 1ean egin zuten langileek. Txertoa hartzea borondatezkoa da, eta nahi zutenei bakarrik eman diete. Txertoa hartu arren, oraingoz, neurri berberak aplikatzen segituko dute.

Horrez gain, Udalak San Lazaro egoitza aurreko parkea hesitu zuen, egoiliarrak segurtasunez irten ahal izateko egoitzatik, eta orain, estalpe bat jarri dute hesitutako eremu horretan, eguraldi txarra egiten duenean ere, egoitzako kideek kanpora irteteko aukera izan dezaten.

Europa osoan abenduaren 27an hasi zen COVID-19aren aurkako txertaketa kanpaina. Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, dagoeneko 6.000 dosi jarri dituzte.

2021 01 07 karka parkea sanlazaro elgoibar