Etxeratze agindua ordubete aurreratu dute Gabon gauerako eta Urtezahar gauerako eta dendek eta tabernek ere aurretik itxi beharko dute sei egunetan

Barren.eus 2020ko abe. 22a, 20:59

 Abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an 18:00etarako itxi beharko dute dendek eta tabernek eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an ezingo dute zabaldu 09:00ak aurretik (salbuetsita daude farmazia, zerbitzugunean eta gasolindegiak). Era berean, Gabon gauean eta Urtezahar gauean ezingo da 00:30ak baino beranduago kalean ibili (orain arte 1:30ean zegoen etxeratze agindua). Bestalde, Urtezahar gauean, Urteberri egunean eta urtarrilaren 5ean eta 6an debekatuta egongo dira kotiloiak eta bestelako jaiak egitea ostatu, landetxe, hotel, kanpin eta apartamentu tipoko ostatu guztietan. Abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean, 20:00etatik aurrera, bertan ostatu hartuta eta behar bezala erregistratuta dauden laguneI bakarrik zerbitzatu ahal izango dizkiete afariak ostatu eta abarretan, eta 23:30ak baino lehen hustu beharko dituzte jantokiak. Bazkarietan eta afarietan ezingo dira inolaz ere mahai bakoitzeko sei lagun baino gehiago izan, eta edukierari, distantziari eta maskaren erabilerari buruzko gainerako prebentzio-neurri guztiak errespetatu beharko dituzte. 

Abenduaren 31tik urtarrilaren 1era bitartean, urteari agurra eta sarrera emateko bazkariak eta afariak egiteko familia-bilkurak sei lagunetik gorakoak ez izatera baldintzatuta egongo dira. Gabon-gauean hain murriztailea ez den eredu bat aplikatu du Jaurlaritzak, "arrisku handiagoko gizarte- eta familia-interakzioak saihesteko". Hortaz hamar lagun bildu ahal izango dira etxeetan Gabon-gauean.

Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko konfinamendu perimetrala abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1era bitartean altxatuko dute. Mugikortasunari lotuta, beste arau bat ere ezarri dute: abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra bitartean, kanpinen kasuan, debekatuta egongo da abenduaren 28a baino lehen ostatu hartu ez duten bezeroak onartzea. Urte amaierako jaiak antolatzeko saiakerak antzeman dituztelako hartu dute itxuraz erabaki hau. 
 
Neurri hauek abenduaren 10eko dekretuan doituko dira eta Euskadiko Buletin Ofizialean argitaratu ostean, abenduaren 24an jarriko dira indarrean.