Birziklatzen ez duenari… ikatza

Barren.eus 2020ko abe. 21a, 19:16

Gabonetan birziklapena sustatzeko #GabonetanIzanGarbi kanpaina jarri du martxan Debabarrena Mankomunitateak. Gabonetako pertsonaiak dira kanpainako protagonistak eta mezua helarazteko arduradunak: Olentzero eta Mari Domingi, Hiru Erregeak eta Santa Klaus.

Sortzen dugun hondakin kopurua nabarmen handitzen dela Gabonetan azaldu dute Debabarrena Mankomunitateko arduradunek, eta hori dela-eta, hondakin bakoitza dagokion edukiontzira botatzeak duen garrantzia azpimarratu nahi dute abian jarri duten kanpaina baten bidez. 

Mankomunitateak 2030 urterako %70eko gaikako bilketa lortzea du jomuga, "eta horretarako ezinbestekoa da herritarren lankidetza", azaldu dute. Eskualde mailan gaikako bilketaren inguruko lanketa bateratua egin nahi dute kontzientziazio kanpainaren bidez, herritarrak hondakinen kudeaketaren inguruan kontzientziatzeko eta hobekuntzak lortzeko. Honakoa lehen urratsa besterik ez da dela aurreratu dute. Kanpainaren leloa da #GabonetanIzanGarbi.

Mankomunitateak gutun bat bidali du gabonetako pertsonaien izenean eskualdeko etxebizitza guztietara eta sare sozialetan zabaltzeko bideo didaktikoak ere sortu ditu, non gabonetako pertsonaiek hondakin mota bakoitza zein edukiontzitan utzi behar den azaltzen duten. Urtarrilaren 6ra bitartean iraungo du kanpainak eta eskualdeko herritar guztiei zuzenduta dago: “Debabarrenan bizi diren adin eta jatorri guztietako pertsonengana iritsi nahi dugu Gabonetan birziklapen tasa igotzeko, horregatik baliatu gara gabonetako pertsonaia guztiez. Ezagunak eta entzunak dira. Normalean guk eskatzen dizkiegu opariak, baina aurten haiek ere eskakizun bat dute gu guztiontzat: Gabonetan Debabarrenansortzen ditugun hondakinak egoki birziklatzea”.

2020 12 21 birziklaytzeko kanpaina gabonak mankomunitatea debabarrena erregeal olentzero prentsaurekoan
Birziklatzen ez duenari… ikatza
Prentsaurreko berezi batean aurkeztu du Mankomunitateak Gabonetako kontzientziazio kanpaina. Olentzero, Meltxor Erregea eta Santa Klausek hartu zuten parte Eibarko Untzaga plazan eginiko agerraldian, eta honakoa adierazi zuten. “Gabon hauetan oparietan, bazkari-afarietan… sortzen diren hondakinak behar bezala birziklatzea da gure nahia, hondakin bakoitza dagokion edukiontzira botatzea.” Eta nola ez, oker birziklatzen duenak ikatza izango duela opari esanez amaitu zuten.