Ostalaritza establezimenduak zabalik berriro, 35 egunez itxita egon eta gero

Barren.eus 2020ko abe. 12a, 14:26

Gaur zabaldu dituzte tabernak eta jatetxeak, Osasun Sailaren aginduz bost astean itxita egon eta gero. Eguraldi euritsua egin arren, terrazak jartzeko aukera dutenek kanpora atera dituzte mahaiak eta aulkiak, barrualdeko edukiera erdira murriztu beharko baitute.

Eusko Jaurlaritzak jarritako mugak aztertu eta gero, taberna eta jatetxeak irekitzea ez dela errentagarria uste dute tabernari askok, irekitzeak ez badie irabazirik ekartzen, baina bizimodua ateratzeko irekitzea erabaki dute gehienek.

Eta zalantza horiei eguraldi makurra gehitu zaie gaur, pertsianak igotzeko aukera izan duten lehen egunean. Elgoibarko taberna gehienak zeuden zabalik gaur goizean eta terrazak prest zituzten horretarako aukera dutenek. Bezeroak ere gerturatu dira taberna eta jatetxeertara.
Ostalariek hainbat neurri bete beharko dituzte:

  • Irekitzeko baimena dute 06:00etatik 20:00etara bitartean, baina 21:00ak arte etxera eramateko janaria establezimenduan bertan ematen jarraitzeko aukera izango dute, eta etxez etxeko banaketa 22:00ak arte egin ahal izango dute.
  • Tabernetako edukierei dagokienez, terrazetan %100eko edukiera baimenduko da baina lokal barruan %50ekoa. Halere, eserita kontsumitu beharko da beti, sekula ez barran, eta mahaien artean distantzia mantenduta. Gainera, mahai bakoitzeko bezero-taldeak ezin izango dira sei baino gehiago izan, eta lau lagunentzako mahai prestatuetan, lau bezero bakarrik bildu ahal izango dira. Hala, bi mahai batu ahal izango dira sei lagun batzeko.
  • Jaurlaritzak bi gomendio gehitu ditu: alde batetik, establezimendu barruan telebistaz eskaintzen diren kirol-ekitaldiak taldean ez ikustea, eta bestetik, establezimendu horietako terrazetan eta inguruan ez erretzea.
  • Gainerako establezimenduetan, farmaziak izango dira beren ordutegi-erregimenari eutsiko dioten bakarrak, eta joko eta apustuetarako establezimenduak itxita jarraituko dute; baita diskotekek eta gaueko aisialdiko gainerako lokalek ere.
  • Alkohola saltzeko araua ere moldatu da; 21:00etatik 08:00etara saldu ahalko da. Halere, kontuan hartu behar da debekatuta jarraitzen duela alkohola bide publikoan kontsumitzeak.

Irakur hemen Eusko Jaurlaritzak gauerdian indarrean jarri dituen neurriak eta gomendioak.

2020 12 12 ostalaritza irekita elgoibar

2020 12 12 ostalaritza irekita elgoibar 1

2020 12 12 ostalaritza irekita elgoibar 2

∞Lotura duten albisteak: