Gabonetan dolua nola bizi hausnartzeko saioa antolatu dute abenduaren 15erako

Barren.eus 2020ko abe. 10a, 15:03

Almaur, Hazkunderako Topaketa eta Bilakaera Elkarteak 'Aulki Hutsak: Nola bizi dolua Gabonetan" solasaldia antolatu du abenduaren 15erako Elgoibarren.

Familian biltzeko garaia dira Eguberriak askorentzat, urruti bizi diren senideak edo lagunak berriro topatzekoa eta mahai baten bueltan elkartzekoa. Eta hain zuzen ere horregatik, denok modu batean edo bestean etxean ditugun aulki hutsak presenteago edukitzen ditugu. 

Heriotzaz eta doluaz hitz egiteko esparru bat antolatu du Almaur elkarteak. Dolua Gabon sasoian nola kudeatu aztertuko dute Maider Etxeberriak eta Iñaki Arregik gidatuko duten Aulki Hutsen saioan. Irtenbide eta aukera desberdinen inguruan hausnarketa egingo dutela jakinarazi dute antolatzaileek, "dolua eramangarriagoa" izan dadin. Testigantzak partekatzeko aukera ere izango dute parte hartzaileek eta zuzeneko musika emanaldi batekin amaituko dute saioa. Abenduaren 15ean, martitzena, izango da Elgoibarko Kultur Etxean. Doakoa izango da, aforoa bete harte. Izena eman behar da, ordea, honako telefonoan: 627 117 819.

2020 12 10 aulki hutsak almaur elgoibar