Ostalari, dendari eta zerbitzuetakoentzako laguntzak agindu ditu Mendaroko Udalak

Barren.eus 2020ko abe. 6a, 18:01

 Saltokietan eskuratu ahal izango diren bonoak 20 eurokoak izango dira, baina 30 euroko balioa izango dute. Hau da, hogei euro ordainduta hogeita hamar euroko gastua egin ahal izango da.

Iñaki Arregi alkateak jakinarazi du neurriok ostalariekin, zerbitzuetako langileekin eta merkatariekin adostuta hartu dituztela eta aurrerantzean ere, haiekin biltzen jarraituko dutela, haien egoeraren jarraipena egin eta haien beharrei erantzuteko: "Une zailak ari dira bizitzen herriko enpresak eta autonomoak, eta inoiz baino gehiago behar dute gure laguntza. Bertan kontsumitu dezagun, segurtasun neurri ororekin, eta lagun dezagun herria bizi mantentzen".

COVID-19ak eragindako egoeran hainbat neurri hartu ditu Mendaroko Udalak maiatzaz geroztik. Laguntza zuzenak agindu ditu ostalarientzako, hobariak zergetan eta udal-tasetan, bai eta bono kanpaina ere. Azkena iragarritako bi diru-laguntza lerrootarako 18.000 euroko inbertsioa egingo du Udalak.
 
 • Laguntzen inguruko argibideak

Taberna, jatetxe eta ostatu jarduerak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoek, esan bezala, 1.000na euroko diru-laguntza zuzena jasoko dute, baldin eta jarduera horiek azaroaren 6ko 38/2020 Dekretuak aldatutako urriaren 26ko 36/2020 Dekretuaren eraginpean badaude. Guztira, 10.000 euro banatuko ditu Udalak kontzeptu horretan. Eskabideak aurkezteko hamar eguneko epea izango dute onuradunek, deialdia Gipuzkoako aldizkari ofizialean argitaratzen denetik. Ahal dela, eskabideak Mendaroko Udalaren erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu behar direla zehaztu dute Udaletik (www.mendaro.eus). Eskabidea modu elektronikoan aurkezteko baliabiderik edo gaitasunik ez duenak, baina, posta elektronikoz ere eskatu ahal izango du erregistroa@mendaro.eus helbidera idatzita edota udaletxera bertan ere bai presentzialki, aurrez horretarako txanda eskatuta 943 033 282 telefono zenbakira deituta.

Saltokietakoei laguntzeko abiatuko duten bono-kanpainan 8.000 euroko inbertsio egingo du Udalak. 400 bono kaleratuko ditu. 20 euro ordainduta 30 euroko gastua egin ahal izango dute herritarrek herriko dendetan. Bonoak saltokietan bertan eskuratu ahal izango dira abenduaren 14tik aurrera.