Hamahiru positibo atzeman dituzte Elgoibarren astelehenetik eguenera, eta ia semaforo gorritik ateratzea lortu du

Barren.eus 2020ko abe. 4a, 15:25

Intzidentzia-tasak beherantz jaraitzen du Elgoibarren eta une honetan 509an dago, eskualdeko tasaren behetik, gutxigatik bada ere. Mendaron positibo bakarra zenbatu dute azken lau egunetan, atzo, hain justu ere.

Azken lau egunetako datuei erreparatuta, Elgoibarren joan den astean baino lau positibo gutxiago atzeman dituzte: 4 eguenean, 2 eguaztenean, 3 martitzenean eta 4 astelehenean: 13 guztira.

Ehun mila biztanleko intzidentzia tasa 509,28an dago gaur Elgoibarren. Horrenbestez, Osasun Sailak COVID-19aren eragina neurtzeko ezarrita duen larritasun mailan gorritik laranjara pasatzetik gertu dago adierazle hori. Joan den urriaren 15az geroztik eremu gorrian dago Elgoibarko intzientzia-tasa. Gipuzkoako intzidentzia-tasa 477an dago une honetan eta Debabarrena eskualdekoa 608an. Izan ere, joera beherakoa den arren, eskualdeko lau herri gorriz markatuta daude, 500dik gorako kutsatze-maila baitute: Eibar (734), Elgoibar (509), Ermua (717) eta Deba (734).

Elgoibarren joan den astean eginiko PCR Baheketa selektiboak eman dituen emaitzak publiko egin zituen, atzo, Ignacio Garitano Osakidetzak pandemiaren kontrola eta jarraipena egiteko duen koordinatzaileak. Elgoibarren eta Soraluzen egin zituzten baheketen emaitzak batera eman zituen Garitanok. Bi herrietan 1.521 lagunek egin zituzten PCR probak eta zortzi kasu positibo atzeman dituzte guztira, hau da, %0,53ak eman du positibo.

∞Lotura duten albisteak: