Familia bisitatzeko bakarrik irten ahal izango da Gabonetan erkidegoetatik

Barren.eus 2020ko abe. 3a, 12:01

Erkidego batetik bestera joan ahal izango da Gabonetan, baina senideekin egin ohi diren topaketetara joateko eta haietatik itzultzeko bakarrik. Hala jakinarazi zuen atzo Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak. Gainerakoan, mugatuta egongo dira erkidegoetako bidaiak. Jaularitzak begi onez ikusi ditu neurriok. Hala ere, gaur, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik jakinarazi du abenduaren 9an aztertuko duela Labi Babes Zibileko Planaren aholku kontseiluak ea nola ezarriko dituzten atzo Madrilen hitzartutako planeko irizpideak.

Era berean, Eguberrietako familia otorduetan gehienez hamar lagun elkartzeko gomendioa egin dute eta bi bizikidetza talde baino gehiago ez elkartzekoa. Etxeratzeko ordua ere aldaketak izango dira Urtezahar gauerako eta Gabon gauerako. Bi egun horietan beranduenez 01:30ean etxeratu beharko da [Gabonetako jaiegunetan, 01:00etan etxeratzeko irizpidea emana zuen Jaurlaritzak aurrez]. 

Era berean, bertan behera geldituko dira Olentzero eta Mari Domingiri ongietorria egiteko antolatu ohi diren ekitaldiak, Erregeen desfilea eta Gabonetan egin ohi diren gainerako ospakizunak. Jende pilaketak saihestu nahi dira neurri horiekin. Illak zehaztu zuen ahalik eta gutxien mugitzea dela kontuan hartu beharreko irizpide orokorra. "Gabonetan, etxean gelditu behar dugu", esan zuen horren harira. Hainbat gomendio ere eman zituen horri lotuta. Besteak beste gogorarazi zuen jende pilaketak saihestea dagokigula eta hortaz erosketak egitera ez joateko jende asko dabilen lekura. Gabonetan atzerritik etxera itzultzen direnei ohartarazi zien, berriz, ez dela komeni etorri eta berehala bizikidetza talde bat baino gehiagorekin harremanetan ibiltzea. 
 
Zer egin daiteke, beraz, Gabonetan? Hona, galdera-erantzunetan:
 
  • Irten gaitezke gure autonomia erkidegotik?

Abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra bitartean baino ezin da aldatu erkidegoz, senideak edo hurbilekoak bisitatzeko. Erkidegoek egun jakin batzuetara mugatu ahal izango dituzte salbuespen horiek. Kanariek eta Balear Uharteek aukera izango dute muga horiek alde batera uzteko.

  • Zeintzuk jotzen dira senitartekotzat eta hurbilekotzat?

"Denok dakigu zer esan nahi dugun senitartekoez eta gertukoez hitz egiten dugunean", esan zuen Osasun ministroak. Salvador Illak ziurtatu duenez, familia lotura "tradizionala" ez izan arren "lotura afektibo berezia" duten pertsonak sartzen dira.

  • Ikaslea naiz. Itzul naiteke etxera?

Bai. Kasu horretan, gomendatzen da interakzio sozialak mugatzea eta prebentzio-neurriak areagotzea etxera itzuli baino 10 egun lehenago. Etxera iritsitakoan, komeni da kontaktuak mugatzea, haien bizikidetza-burbuila errespetatzea eta, batez ere, aire zabalean ibiltzea, barruetan biltzea saihestuta.

  • Zenbat pertsonarekin elkartu naiteke?

2020ko abenduaren 24, 25 eta 31n eta 2021eko urtarrilaren 1ean, gehienez ere 10 pertsonako bilerak egin daitezke, salbu eta bizikideak badira. Nolanahi ere, komeni da topaketa horiek bizikidetza-talde berekoekin izatea. 

  • Umeak ere kontuan hartuko dira hamar laguneko taldeetan?

Bai. Akordioak ez du salbuespenik egiten horri dagokionez.

  • Zer ordutan da etxeratze-agindua?

Gabon gauean eta Urtezahar gauean, beranduenez, 01:30ean etxeratzeko agindua ezarri dezakete autonomietako gobernuek. Jaularitzak beranduenez 1:00etan etxeratu ahal izango dela esana zuen. 

  • Atera al daitezke zentro soziosanitarioetan bizi diren pertsonak? 

Gomendatu dute egoitza-zentro soziosanitarioetako egoiliarrek irteera luzeagoa egiten badute gabonetako ospakizunak direla-eta, irteera horiek etxebizitza bakar batera mugatzea eta bizikidetza-burbuila egonkorra mantentzea. Itzultzean, PCR proba egitea  gomendatzen da, eta lanera itzuli eta hurrengo egunetan, zaintza- eta prebentzio-neurriak zorroztu egingo dira.