Toledoko Itunaren murrizketen aurkako manifestaziora deitu ditu herritarrak Elgoibarko Pentsiodunen Mugimenduak

Barren.eus 2020ko abe. 2a, 14:42

Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak hiriburu eta herrietan antolatutako dinamikarekin bat egingo dute zapatuan, abenduak 5, Elgoibarko Pentsiodunen Mugimenduak eta duintasuna elkarteak. Toledoko ituaren murrizketen aurkako manifestazioan parte hartzera dei egin diete herritarrei.

Manifestazioa 12:00etan hasiko da, Kalegoen plazatik. Taldeko kideek gaur eman dute manifestazioaren berri udaletxeko arkupeetan eman duten prentsaurreko agerraldian. Lehenik eta behin eskerrak eman dizkiete ELA, LAB, Narrutsik, Ernai, Senideak eta San Lazaroko langileei Euskal Herriko gutun soziala sinatzeagatik. Era berean, aipatu dute orain dela hiru urte hasi zirela mobilizazioekin, eta horri esker pentsioen igoeran KPI aplikatzea lortu dutela. Hala ere, ez dela nahikoa esan dute, eta Europako Gutun Sozialak gomendatzen duen 1.200 euroko gutxieneko soldata exijitu dute. "Ez dago pentsio duina enplegu duinik gabe, horregatik honakoa eskatzen dugu: 2010eko eta 2012ko lan-erreformak eta Europako Gutun Sozialean aurreikusitako 1200 euroko LGSa ezartzea", adierazi du Jose Javier Arregik plazan eman duten prentsaurrekoan. Azkenik, pentsio duinen aldeko borroka, “gizarte borroka” dela azpimarratu dute, eta horregatik, gizarte osoari egin diete dei mobilizazioetan parte hartzeko.

Euskal Pentsiodunen Mugimenduak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sindikatu eta gizarte taldeekin batera antolatu dute mobilizazio hau. Hasiera batean hiri nagusietan egiteko asmoa zuten, baina pandemiaren ondorioz herriz herri egingo dituzte mobilizazioak. Horietan, Toledoko Itunak pentsioen inguruan onartutako gomendioen aurka egingo dute protesta, eta ereduaren iraunkortasuna bermatuko duen sistema publiko baten alde. Mugimenduaren arabera, "gero eta gehiago ari dira finkatzen, sistemaren hirugarren hanka gisa, funts pribatuen sustapena eta defentsa", eta horrek "benetako eredu publiko eta unibertsalari" kalte egiten dio.

Toledoko Itunaren gomendioak hirugarrengoz berritu berri ditu Espainiako Diputatuen Kongresuak, eta hala, pentsioen balioa handitzeko KPI erabiltzea gomendatu du Itunak, eta Gizarte Segurantzako gastu inpropioak finantzatzeko orduan protagonismo handiagoa eman nahi dio Estatuari, sistemaren defizita murrizten laguntzeko.

Bost urterik behin gomendioak berrikusteko ardura du Toledoko Itunak, eta orain Espainiako Gobernuak arautu eta Gizarte Segurantzaren Legea erreformatu beharko du, sindikatuen eta patronalaren akordioarekin.

2020 12 02 Duintasuna elgoibar prentsaurrekoa arkupeetan