Hamabi tableta eman dizkio La Caixak Elgoibarko Jubilatuen Biltokiari

Barren.eus 2020ko aza. 25a, 13:39

Elgoibarko Jubilatuen Biltokiak zahartze aktiboa sustatzeko konpromisoa hartua du. 1.300 bazkide inguru dira Jubilatuen Biltokian eta gogorarazi dute 60-80 urte bitartekoek industria mekanikotik industria digitalera igarotzeko eraldatze prozesuan parte hartu dutela.

Boligrafoak, idazmakinak eta kalkulagailuak erabiltzetik ordenagailuak erabiltzera ohitu dira, marrazketa mahaitik CNC eta CAD-CAM programetara jauzi egin dute, informazioa liburu eta egunkarietan bilatzetik Interneten bilatzera pasatu dira. Erretiroa hartu zutenean, baina, askori teknologia digital berrietara egokitzeko aukerak murriztu zitzaizkien, eta horri irtenbidea bilatu nahi izan dio Jubilatuen Biltokiak. Egiteko horretan zebiltzala jakinarazi zioten zuzendaritzakoek La Caixari, banketxeak Elgoibarren duen bulegoko zuzendari Nora Ecenarrori, hain zuzen. Caixabankeko zuzendari eta haren obra sozialaren bidez, hamabi tableta eskuratu dituzte orain, Jubilatuen Egoitzako informatika gelarako. Tableta horiei esker oinarrizko ezagutza digitala hartzeko edo dakitenean sakontzeko bidea izango dute jubilatuek eta horregatik elkartetik eskerrak eman dizkiote Caixari emandako laguntzarengatik.

Bestalde, gogorarazi dute pandemia dela-eta Biltokiko tabernak itxita jarraitzen duela eta ezin izango dituztela antolatu azaro bukaeran egin ohi dituzten ekintzak: merienda, bazkari, omenaldi, zine-emalandi, hitzaldi, bingo, meza eta dantzaldia.