Elkarretaratzerik ez, baina ekimen ugari Azaroaren 25aren atarian

Barren.eus 2020ko aza. 24a, 18:20

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, bihar, ez dute elkarretaratzerik egingo Elgoibarren, jende pilaketak sahiesteko. Alabaina, beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte indarkeria gaitzetsi eta herritarren kontzientzian eragiteko asmoz.

COVID-19aren pandemiak eragina izango du azaroaren 25aren harira antolatutako ekimenetan, eta ezingo dituzte kaleko ohiko ekintzak antolatu, elkarretaratzea eta manifestazioa bereziki. Hala ere, Elgoibarko Udalak egitarau zabala prestatu du. Joan den barikutik 'Zutik Emakumeok!' argazki erakusketako lanak ikus daitezke herriko 16 dendatako erakusleihoetan. Merkataritzarekin jarraituz, besoko moreak banatuko dituzte herriko hainbat dendatan.

2020 11 24 elgoibar azaroak25 dendetan

 • Tratu Onen Murala
Lehen Hezkuntzako bigarrenn mailako eskola umeek egindako Tratu Onen murala ere ipinita dago Aita Agirre kulturguneko sarreran. Era berean, Gaztelekuko nerabeek Berdintasunaren Grafitia marraztuko dute.

2020 11 24 elgoibar azaroak25 murala 1

Udal brigadako eta Mankomunitateko langileek ere bat egin dute aldarrikapenekin, eta egunotan txaleko moreak jantzita dihardute beharrean. “Ez da ez” bideoa ere zabaldu du Elgoibarko Udalak. Hona hemen:

 • Donostiako erasoaren aurkako gaitzespen mezua
Gaur goizaldean labanaz eraso egin diote andre bati Donostian, eta larri dago. Bikotekidea atxilotu dute erasotzailea izatea leporatuta; 52 urteko gizonezko bat da. Elgoibarko Udalak "irmoki" gaitzetsi du erasoa eta lehenbaitlehen sendatzea opa diote emakumeari. "Emakumeen aurkako indarkeria da emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpen krudelena. Funtsezkoa eta premiazkoa da berdintasunaren alde lanean jarraitzea", adierazi dute udal arduradunek.

 • 'Genero problematika hezkuntzan' hitzaldia
Debabarrenako Ikasle Abertzaleak taldeak hitzaldiak eta tailerrak antolatu ditu Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunerako. Hitzaldietako bat Elgoibarko Arreiturre BHI institutuan izango da, 11:00etan. 'Genero problematika hezkuntzan' izeneko hitzaldia emango dute.

∞Lotura duten albisteak:

2020 11 24 elgoibar azaroak25 murala

2020 11 24 elgoibar udal brigada peto moreak azaroak25 bizkarra