Elgoibarren baheketa selektibo bat egingo dute eguenean eta barikuan

Barren.eus 2020ko aza. 24a, 12:58

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Elgoibarko 13 eta 40 urte arteko herritarrei PCR proba egiteko eskatu die. Probak anbulatorioan egingo dituzte.

Aurrez hitzordua hartu beharko dute herritarrek PCR proba egiteko. Gaurtik, azaroak 24, hartu daiteke hitzordua honako telefono zenbakietara deituta: 943 032 644 edo 900 20 30 50 (Osasun aholkua). PCR probak egitea borondatezkoa da, eta jakinarazi dute joateagatik bakarrik ez dela berrogeialdirik gorde beharko.

  • PCR probak ateratzeko azpiegitura Elgoibarko Osasun Zentruan jarriko da azaroaren 26tik, eguena, azaroaren 27 arte, barikua. PCRak honako ordutegi honetan egingo dira: 15:00-19:00.

Osasun Sailak jakitera eman duenez, PCR proba egin ondoren komenigarria da harreman sozialak saihestea, maskara erabiltzea eta segurtasun distantziak mantentzea. Proben emaitzak gehienez ere 72 ordura jasoko dituzte herritarrek SMS bidez, eta emaitza positiboen kasuan, telefonoz ere dei egingo zaie.

Osasun Sailak eta Osakidetzak herritar guztiei gogorarazi diete COVIDekin bateragarriak diren sintomak edukiz gero –besteak beste, sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasteko zailtasunak edo usaimenaren galera– beren etxeetan isolatzeko eta osasun-zentrora deitzeko.

Elgoibarkoa ez da eskualdean egingo duten baheketa bakarra izango, bihartik aurrera Soraluzen ere egingo baitute. Aurrez Eibarren eta Ermuan ere egin zituzten. Eibarko kasuan, deituta zeuden 7.000 lagunetatik 3.164 bertaratu ziren PCR probetara., eta 38 positibo atzeman zituzten guztira, beraz, positibotasun-tasa % 1,20ra iritsi zen, beste udalerri batzuetan egindako baheketetan baino maila altuagoa.

∞Lotura duten albisteak: