48 positibo baieztatu dituzte asteon Elgoibarren eta sei Mendaron

Barren.eus 2020ko aza. 20a, 14:21

Azken 14 egunetan 156 positibo hauteman dituzte Elgoibarren eta oso goian jarraitzen du intzidentzia-tasak (1.346,57). Mendaron sei positibo berri atzeman dituzte astelehenetik eguenera bitartean.

 Herriak itxi eta etxeratze agindua ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak joan den urriaren 26an. Ordutik 25 egun pasa dira eta Elgoibar zein Mendaroko kutsatze datuek ez dute onera egin, alderantziz. Elgoibarren 889,08ean zegoen intzidentzia-tasa urriaren 25ean eta 1.346,57ean zegoen atzo, azaroaren 19an. Era berean, Mendaron 561,01ean zegoen intzidentzia-tasa eta 935,02ean dago orain.
Azken lau egunetako datuei erreparatuta, Elgoibarren 48 positibo berri atzeman dituzte azken lau egunetan: 15 eguenean, 16 eguaztenean, 10 martitzenean eta 7 astelehenean. Joan zen astean atzeman zituzten positibo kopuru berbera, alegia.
Mendaron hiru positibo berri atzeman dituzte asteon: bat eguenean, hiru eguaztenean eta bi astelehenean.
Eskualdeko herriei dagokienez, Eibarren 36 lagunek eman zuten positibo atzo koronabirusean, 17 Ermuan, 15 Elgoibarren, 7 Soraluzen, 5 Deban, 3 Mutrikun eta Mallabian, eta bat Mendaron. Beraz, 87 kasu berri egon dira eskualde osoan, aurreko egunean baino 14 gehiago. 5.000 biztanletik gorako herrien artean intzidentzia tasa altuena duen herria izaten jarraitzen du Eibarrek, 2.411,36ko tasarekin. Deban ere oso altua da (1910,01) eta Ermukoa ere bai (1421,54).

2020 11 19 korodata elgoibar 14egun 156 positibo

1.092 positibo Hego Euskal Herrian
Atzo COVID-19a atzemateko 16.761 test egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta guztira, 1.092 kasu zenbatu dituzte. Behera egin du, beraz, proba egin eta positibo eman dutenen kopuruak: herritarren %6,52k eman zuten positibo testetan —herenegun %7,1ek—. Lurraldeka, Bizkaian zenbatu dituzte positibo gehien: 412. Gipuzkoan, berriz, 407 atzeman dituzte, 109 Araban eta Nafarroan 157. Apaltzera egin du, beraz, positiboen kopuruak Hego Euskal Herrian.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuena arabera, koronabirusa tarteko 62 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan. Gaur egun 475 pertsona daude hiru lurralde horietako ospitaleetan; horietatik 135 Zaintza Intentsiboko Unitatean. Nafarroako Gobernuak oraindik ez du eman ospitaleen egoerari buruzko daturik.

2020 11 20 EAE korodata twitter

∞Lotura duten albisteak: