Koronabirusaren aurpegiak

Barren.eus 2020ko aza. 20a, 10:48

Koronabirusak ez du etenik. Eraman ditu batzuk eta estu hartu ditu beste asko. Birusak harrapatzen dituenetako batzuek sintomarik gabe pasatzen dute gaitza, sintoma arinekin beste batzuek, eta badira, eta ez gutxi, ospitaleratu beharra izaten dutenak ere. Gaixo egondako lau lagunen testigantzak batu ditugu gaur: Antonio Rodriguez eta Gorka Garate elgoibartarrenak eta Amaia Lopetegi eta Eukene Gurrutxaga mendaroarrenak.

Nork bere kontakizuna du, baina badira errepikatzen diren sentimenduak. Beldurra eta ingurukoekiko kezka dira horietako bi. “Belarriak eta haginak ere ikusi dizkiogu otsoari”, dio Rodriguezek. “Gugaitik konfinatu behar izan zituzten familiak nituen uneoro buruan”, dio Gurrutxagak. Eman diote buelta, baina ondorioak utzi dizkie gaitzak gehienei.

  Amaia Lopetegi: “Haizeak orbela erabiltzen duen bezala erabili nau birusak. Ez nintzen ni, ez nintzen ezer”
Irailaren 10ean iritsi zen koronabirusa Amaia Lopetegiren etxera. “Zerbait bazuela esanez hasi zitzaigun alaba, eta adarra jotzen jardun gintzaizkion gu, koronabirusa izango zuela-eta, ez baitzen besterik entzuten orduan ere”. Biharamunean (barikua), baina, gorpuzkera txarrez oheratu zen Amaia bera ere, eta burukominak estu hartu zuen goizaldera. Larunbaterako joan zitzaizkien bromarako haizeak. “Seguru nengoen. Harrapatu gintuen birusak, baina asteburutan Mendaron anbulatorioa itxita izaten dugunez, astelehenera arte etxean gelditzea erabaki genuen, badaezpada”. Domekarako, baina, okerrera egin zuten biek, eta semea ere hasi zen sintomak agertzen. Eta arratsalde hartan bertan ospitalera igo ziren hirurak. PCR probak egin zizkieten eta biharamunean iritsi zitzaien emaitza: ama-alabek, positibo, eta semeak, negatibo. Eta konfinatu ziren etxeko denak. “Ezin nuen sinetsi semearena, sintoma berberak zituztelako alabak eta biek: 38tik gorako sukarra, burukomina eta begiak mugitu ezina, buruarekin batera ez bazen. Ni ez naiz sekula 37,1eko tenperaturatik pasa, baina gorputzaldi oso txarra neukan; Azkoitin mangaixue esaten dioguna, deneko mina. Ez neukan ezertarako indarrik”. Emaitza jakitzeaz batera, itxi ziren ama-alabak logela banatan, eta aita-semeak laga zituzten libre etxe barruan, baina semeak sintomekin jarraitzen zuenez, martitzenean PCR proba egin zioten berriro, bai eta senarrari ere, estreinakoz. Eta biek eman zuten negatibo [Hiru proba egin dizkiote guztira semeari eta hiruretan eman du negatibo, baina antigorputzak dituela agertu zaio gerora].

 2020 11 20 koronabirusaren aurpegiak mendaro Eukene Gurrutxaga

  Eukene Gurrutxaga: “Xabatek positibo eman zuelako gelakide guztiak etxeratu behar zituztela jakin nuenean mundua erori zitzaidan”
Errukia die Amaia Lopetegik birusak haur txikiekin harrapatzen dituztenei. Eukene Gurrutxaga eta Igor Reyren kasua da. 13, 10 eta 3 urteko hiru semeren guraso dira [Manex, Xabat eta Unai], eta biek eta semeetako batek pasatu dute gaitza. Igorrek eraman zuen birusa etxera. Positibo eman zuen batekin kontaktua izana zuen Igorrek, baina ez zuten haren kontaktu estuetan sartu. Hala ere, Igorrek bazuen kezka eta ordura arte ez bestean mugatu zuen bere harremansarea eta urrundu zen inguruko kalteberengandik. Baina iritsi zen, iritsi behar ez zuena. Kontaktu hori izan eta astebete orduko, sintomak igarri zituen (gorputzaldi txarra eta sukar txikia lehenengo, eta dastamena eta usaimenaren galera gero) eta biharamunean egin zioten PCR proban iritsi zitzaion konfirmazioa. Egun horretan bertan igarri zituen lehenengo sintomak Eukenek ere: “Giharretako mina batez ere [gerora usaimena eta dastamena galdu zituen]”. Biharamunean jakin zuen positibo zela.

  Antonio Rodriguez: “Telebista piztu eta hildakoak baino ez nituen ikusten han-hemen. Beldur handia pasatu nuen”
Koronabirusa harrapatzen aurrenetakoak izan ziren Antonio Rodriguez eta haren etxekoak Elgoibarren. Martxoaren 17an hasi zitzaion emaztea sukarrarekin. “Enpresan azkeneko bilera presentziala egitekoa ginen protokoloa zehazteko eta deitu nien esanez emazteak sukarra zeukala. Etxean gelditzeko agindu zidaten. Orduan ez zituzten PCRak egiten”. Bi egunera hasi zen bera “hotzeria baten sintomekin, baina sukar handiarekin”, eta sendagileari deitu eta COVID-19a izan zezaketela ohartarazi zien. “Baja eman zidan neri ere eta etxean gelditzeko agindu”.

  Gorka Garate: “Martxoan ez zuten harrapatu etxekoek ni nengoen moduan egonda eta orain harrapatu dute. Ez sinistekoa”
Ezkerreko birikan orbanak utzi dizkio koronabirusak Gorka Garateri ere. Zaila du pasatakoa ahazten beraz. Orain, gainera, bigarrengoz sartu da koronabirusa eurenean. Emaztea, aitaginarreba, amaginarreba eta amama ere harrapatu ditu birusak. Nola ahaztuko du, bada! Martxoan harrapatu zuen berak gaitza. Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri biharamunean, martxoaren 15ean, hasi zen sukarrarekin eta egunez egun, tenperatura handiagoa markatzen zion termometroak, 39raino iristeraino. Usaimena eta dastamena ere galdu zituen. Bost bat egun egin zituen etxean sukarrarekin, nora jo ez zekiela, “oso urduri”. Bi ume txikiren aita da Gorka, eta umeen logelan itxi zen, badaezpada. “Ez zen egoera erraza izan. Gaixo nengoen eta oso urduri, okerrera egiten ari nintzelako eta notizietan dena hildakoak zirelako. 6., 7. eta 8. egunak ahazteko modukoak izan ziren”. Osakidetzak jarritako telefono zenbakian ematen zizkioten argibideek ez zuten lar lasaitzen, baina berez, han esandakoei jaramon eginez gero, hala egon beharra zuen. “‘Koronabirusa izan duen batekin harreman esturik izan ez baduzu eta arnasa falta duzula igarri ezean, lasai’ esaten zidaten behin eta berriro. Baina ni ez nengoen lasai”. Zer egin ez zekiela sentitu zen egun askoan. Medikuarekin hitz egiteko modurik ere ez zuen topatzen. “Anbulatorioa itxita zegoen, eta deitzen nuen Osakidetzako telefono zenbakira eta lineak okupatuta ematen zuen beti. Ordu’terdi baino gehiagoan ere egon nintzen etengabe deika”. “Halako batean” lortu zuen oheburuko medikuarekin hitz egitea eta Mendarora bidali zuen hark zuzenean, horrenbeste egun sukarrarekin egotea ez zela parte onekoa esanda.