Hainbat ekintza izango dira Elgoibarren eta Mendaron, indarkeria matxistaren biktimak zenbaki hutsean geldi ez daitezen

Barren.eus 2020ko aza. 18a, 20:32

Elgoibarko Udalak egitarau zabala prestatu du azaroaren 25ean izaten den Emankumeenganako Indarkeariaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira. Herriko hainbat eragilerekin elkarlanean osatu dute programazioa, Covid-19 egoerara moldatuta eta segurtasun neurri guztiak hartuta. Mendaron, zapata gorriak jarriko dituzte plazan indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeak gogoratzeko.

Jende pilaketak sahieste aldera, aurten ez dute elkarretaratzerik egingo azaroaren 25ean Elgoibarren, baina, emakumeen aldeko aldarria zabaltzeko beste hainbat ekintza egingo dituzte. Haizeak, Jubilatuen Biltokiak, Uluka batukadak, Ludoteka eta Gaztelekuak eta Udal Liburutegiak hartu dute parte egitarauan, eta besteak beste, hitzaldiak, filmak, tailerrak eta argazki erakusketak antolatu dituzte. 

 • 'Zutik Emakumeok!' argazki erakusketa
Argazki erakusketa ibiltari bat izango da aurtengo berrikuntza nagusienetarikoa: Indarkeria matxista: Zutik emakumeok! izenekoa. Barikuan hasi eta abenduaren 4ra arte izango da ikusgai herriko 16 dendatako erakusleihoetan. Basauriko Marienea Emakumeen Etxeak utzitako bilduma da, eta munduko hainbat lekutan indarkeria matxistari aurre egin dioten emakumeen erresistentziak argazki bidez erakutsiko dira. Udalak plano batean jarri ditu argazkiak egongo diren herriko dendak. 

2020 11 18 zutik emakumeak argazki erakusketa elgoibar azaroak25 planoa
Indarkeria gaitzetsi eta herritarren kontzientzian eragiteko asmoz, beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte: “Ez da ez” bideoaren zabalkundea, besoko moreak banatuko dira herriko hainbat dendatan, LH2ko herriko haurrek egindako Tratu Onen murala jarriko da Aita Agirre kulturguneko sarreran, Udal brigadako eta Mankomunitateko langileek txaleko moreak jantziko dituzte, Gaztelekuko nerabeek Berdintasunaren Grafitia egingo dute, e.a.

•Zapata gorriak Mendaron
Mendaron, zapata gorriak jarriko dituzte plazan indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeak gogoratzeko. Zapata pareen ondoan, mezu bana idatziko dute, biktima izan diren emakumeen izen banarekin. Azaroaren 25ean, 19:00etan izango da ekintza, eta zapatak Leire jantzi dendara eramateko eskatu dute, han margotuko dituztelako gorriz. Barikuan da horretarako azken eguna.