Janaririk erosi gabe ere alkoholik gabeko edariak eskuratu ahal izango dira tabernetan eta jatetxeetan

Barren.eus 2020ko aza. 18a, 12:58

Jaurlaritzak onartu du janaririk erosi gabe ere edariak eskuratu ahal izatea ostalaritza establezimenduetan. Hori bai, alkoholik gabeko edariak bakarrik izan daitezke eta kalean edatearen kontrako aholkua "berariaz" emanda dagoela gogorarazi du Jaurlaritzak.

Ostalarien eta herritarren artean dudak sortu dira egunotan kafeak eta antzekoak saltzeko izan zitzaketen aukeren inguruan. Jaurlaritzak tabernak eta jatetxeak ixteko ezarri zuen dekretua -azaroaren 7tik dago indarrean- arindu du orain, eta tabernek eta jatetxeek baimena dute eramateko jakirik saldu gabe ere, edariak eta kafeak bezeroei eskaintzeko. Azken egunetan etxera eramateko janariarekin soilik zerbitzatu ahal izan dituzte alkoholdun nahiz alkoholik gabeko edariak ostalariek—okindegietan eta gozotegietan salbu—, baina hemendik aurrera eramateko jatekorik gabe ere eskuratu ahal izango dira alkoholik gabeko edariak tabernetan nahiz jatetxeetan. Hortaz, neurria moldatuta, ostalariek aukera dute orain kafeak eta antzekoak saltzeko, eramateko janarien eskarietatik aparte ere.
Bide publikoan kontsumitzeaz
Jaurlaritzak adierazi duenez "berariaz" debekatzen du Dekretuak alkoholdun edariak bide publikoan kontsumitzea; alkoholik gabeko edarien kasuan, berriz, ez du debekurik ezarri baina nabarmendu du ez dela "komeni" edari horiek bide publikoan kontsumitzea. Bestalde, Jaurlaritzak gogorarazi du jan-edana eramateko zerbitzua ezingo dela eskaini 21:00etatik aurrera. Oroitu behar da, bestela ere, aisialdiarekin eta merkataritzarekin lotutako jarduera guztiek 21:00etarako bukatu behar izaten dutela, eta 22:00etan etxeratzeko agindua ezarrita dagoela.

2020 11 18 kafe ontziak zabortegian elgoibar plaza barren

∞Lotura duten albisteak: