Hirigintza Arauetan egindako aldaketen kontrako alegazioa aurkeztu du Larke 360 enpresak, Azkaraten Hondakin Gunea eraikitzeko proiektuaren harira

Barren.eus 2020ko aza. 16a, 17:15

Azkoitiko Udalak ezetza eman zion Larke 360 enpresak Azkarate gainean (Azkoitia) egin nahi zuen hondakin plantaren proiektuari. Enpresak, baina, Azkoitiko Udalak Hirigintza Arauak aldatzeko aho batez hartutako erabaki puntualaren kontrako alegazioa aurkeztu du.

Azkarate gainean, Azkoitiko lurretan, baina Elgoibarko mugetatik gertu, eraikuntza eta eraispen hondakinak jasotzeko plantaren proiektuak hautsak harrotu zituen joan den udaberri eta udan, harik eta Azkoitiko Udalak ezetza eman zion arte proiektuari. Enpresak, ordea, ez du amore eman hondakin gunea eraikitzeko hasierako asmoan, eta eztabaida ez da amaierara arte iritsi.

Azkoitiko Maxixatzen herrri komunikabideak argitara eman duen informazioaren arabera, Azkoitiko Udalak Hirigintza Arauak aldatzeko aho batez hartutako erabaki puntualaren kontra alegazioa aurkeztu du Larke 360 enpresak udaletxean. Hain zuzen ere, udaleko alderdiek aho batez onartu zuten lurzoru ez urbanizagarrien gaineko aldaketa puntuala egitea joan zen irailaren 29an egindako udalbatzarrean.

Aldaketa hori tarteko, eraikuntza eta eraispen hondakinak jasotzeko Larke 360 enpresak Azkaraten egin nahi zuen lur eremua ez urbanizagarri izendatu zuen erakundeak, eta erabaki hori behin-behinean onartuta, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta alegazioetarako epea zabaldu zen. Larke 360 enpresak alegazioa aurkeztu du udaletxean, "erabaki horrek oinarri legalik ez" duela esanez eta bertan behera uztea eskatuz.

Maxixatzenek Larke 360 enpresako ordezkari baten sinadura duen dokumentua eskuratu du, eta bertan adierazten dutenez, Azkarate inguruko lurzorua ez urbanizagarri izendatzea "legearen kontrako" erabakia da. Izan ere, lurzoruari eta hirigintza arauei buruzko 2/2006 legea urratzen du, enpresaren arabera.

Horrez gain, Azkoitiko Udalak gaiaren inguruan aurretik hartutako erabaki guztiak alde batera utzi dituela eta hirigintza arauen aldaketa "udalak berak egindako txostenen eta aurretik egindako ekintzen kontrakoa" dela azaldu du Larke 360 enpresak: "Halako erabakirik hartzeko arrazoi juridikorik ez dagoela azaltzen duten adierazpen publiko ugari daude, gainera".

Hirigintza arauetan aldaketa egiteko arrazoi juridikorik ez izatez gain, alegazioa aurkeztu duen enpresaren arabera, Azkoitiko Udalaren erabakiak talka egiten du lurzoru ez urbanizagarrien aprobetxamenduari buruzko lege erregulazioarekin. Izan ere, lur horien gaineko legeak (2/2006) udalaren erabakiaren kontrakoa gomendatzen duela argudiatu du Larkek; hau da, herri bakoitzean hondakin eta eraispen hondakinen planta izatea.

Larkek alegazioaren testuan azaldu duenez, udalak hartutako erabakia legearen kontrakoa izanik, "baliogabetu beharrekoa" da. Enpresa horrek dioenez, gainera, erabakia hartzerakoan "botere desbideraketa" baliatu du udalak, eta legearen kontra agintea baliatzea egotzi dio herri erakundeari. Aitzitik, hori "delitu penala" izan daitekeela ohartarazi du enpresak alegazioan.

 • Txosten juridiko-teknikoa
Azkoitiko Udalak txosten juridiko-teknikoa egingo du Larke 360 enpresak aurkeztutako alegazioa tarteko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Ordenamendurako Batzordera dokumentazioa bidaliko duela azaldu dio Maxixatzeni.

Batetik, lurzoru ez urbanizagarriei eta araudi orokorrari dagokion Azkoitiko Hiri Antolamendurako Araudiaren laugarren aldaketa puntualaren behin-behineko onarpenaren dokumentua aurkeztuko du; bestetik, Larke 360 enpresak aurkeztutako alegazioa; eta gainera, Azkoitiko Udalak egingo duen txosten juridiko-teknikoa ere bai.

Ordenamendurako Batzordean erantzuna eman ondoren, udalbatzarrera eramango dute gaia, eta han erabakiko dute zer erantzun eman Larke 360 enpresak aurkeztutako alegazioari.

Iturria: maxixatzen.eus