Ana Galarraga: “Asumitu behar dugu luzez izango dugula birusa gure artean eta hau ez duela txerto batek konponduko

Barren.eus 2020ko aza. 13a, 17:49

Izurriaren dinamika aurreikusteko eta hari aurre egiteko estrategiak diseinatzeko, ezinbestekoa da birusa nola transmititzen den jakitea. Zientzialariek ikusi dute transmisio bide nagusia tantatxoen bidezkoa dela, baina gero eta ebidentzia gehiago daude aerosolen bitartez ematen den transmisioa ere kontuan hartu behar dela. Eta Ana Galarragarengana (Zarautz, 1970) jo dugu argibide gehiagoren bila. Zientzia komunikatzailea da Galarraga Elhuyarren. Albaitaritzako eta elikagaien zientzia eta teknologiako lizentziatua da, eta gaur egun zientziaren dibulgazioan dabil buru-belarri, irratian, telebistan, nahiz idatzizko komunikabideetan. barren-eus webguneak astero zabaltzen ditu haren minutu bateko informazio-pilulak.

  • Birusa aerosolen bidez ere zabal daitekeela ohartarazten ari zaizkigu gero eta zientzialari gehiago. Zer dira aerosolak?
Bai. Izurriaren hasieratik zientzialariek ikusi dute transmisio bide nagusia tantaxken bidezkoa dela. Tantaxka horiek arnasa hartzean eta hitz egitean askatzen ditugu -zer esanik ez kantuan gabiltzanean, edota doministikua edo eztula egiten dugunean-. Gure aho eta sudurretik irteten dira tantaxkak, eta batzuetan ikusi ere egiten ditugu. Beren pisuagatik erortzeko joera daukate, eta horregatik esan ziguten aurreneko gauza izan zen metro eta erdiko distantzia gorde behar genuela gure artean, eskuak eta gainazalak ondo eta maiz garbitu behar genituela eta musukoak jantzi behar genituela, bereziki distantzia gorde ezin zen lekuetan eta espazio itxietan. Kontua da zientzialari batzuek hasieratik zutela susmoa beste transmisio bide bat ere bazela, aerosolen bidezkoa, eta gero eta ebidentzia gehiago daudela transmisio bide hori ere kontuan hartzekoa dela. Horregatik, maskara erabiltzea gomendio izatetik derrigorrezkoa izatera pasatu da, eta gainera, espazio itxiak aireztatzeko eta ahal diren jarduera guztiak aire librean egiteko gomendatu digute. Baina, berez, aerosolen bidezkoa, ez da beste transmisio bide bat, tantaxkak eta aerosolak gauza bera direlako azken batean. Tamainaren arabera esaten diegu batzuei tantaxka eta besteei aerosol.

 • Eta gauza bera izanda, zergatik ez da aerosolen kontua horrenbeste aipatu oraintsu arte, zailagoa delako birusa aerosolen bidez garraiatzea?
Zergatiaz luze hitz egin genezake, baina egia da aerosolen bidez kutsatzea zailagoa dela. Gauza bera dira, bai, baina tamainak bereizten ditu, eta jakina, tamaina handiagoko tantetan birus gehiago garraiatu ahal da. Hori bai, gertatzen dena da tanta handiek pisu handiagoa dutela eta azkarrago erortzen direla lurrera, eta aldiz, tantaxka nimiñoek, aerosolek, denbora gehiago irauten dutela airean eta gainera urrutiagora iritsi daitezkeela. Hasiera batean ez zitzaion horrenbesteko garrantzia eman horri eta arreta handia jarri zen, aldiz, objektuen bidezko kutsaketan. Horregatik, etengabe garbitzen genituen gainazalak-eta. Orain, maskara gehiagotan erabiltzen dugunez, gainazaletara tantaxka gutxiago erortzen dira eta gainera ikusi da objektuen bidezko transmisioa, praktikan, oso apala dela. Eta oso-oso argi ikusi den beste gauza bat da aire librean askoz nekezago kutsatzen garela. Agerraldi gehien-gehienak beti barruetan gertatu dira, eta horrekin batera ikusi da leku itxietan oso kontuan hartu behar direla aerosolak.

 • Zergatik ez zitzaien horrenbesteko garrantzia eman aerosolei?
Batez ere birusaz kutsatuta zeudenengandik oso hurbil zeudenak kutsatzen zirelako. Horregatik jarri zuten fokua tantaxketan. Baina gero ikusi zuten kantuan egiten den lekuetan edo ariketa fisikoa egiten den leku itxietan aerosolen bidezko transmisioa gertatzen zela, oso sakon hartzen dugulako arnasa. Horregatik sartu dute leku itxiak sarri aireztatzea arauetan. Eta niretzat hala behar du izan gainera, baina arau gisa ezartzen dutenean, maskara janztera eta lokalak aireztatzera behartzen gaituztenean, baliabide ekonomikoak ere eman behar dituzte, neurri horiek benetan eta egoki aplikatu ahal izateko. Bestela, bete ezin den zerbait ari direlako eskatzen eta hori ez delako posible. Ez da nahikoa esatea: ‘Egin ezazue hau”; nola egin azaldu behar dute. Eta adibide argi bat jarriko dizut: telelana.
Berez, irtenbide egokiena da lantokietako transmisioa eragozteko. Lan guztietan ez da posible, baina askotan bai. Kontua da ez badira baliabideak jartzen, arrisku handia dagoela langilearen bizikalitatea okertzeko, harreman-sareak desegiteko, eta emakumea are gehiago zamatzeko etxeko lanekin. Neurriek, beraz, baliabide eta laguntzekin lagunduta etorri behar dute.

 • “Zentzugabekeriaren gorena da kalean maskara jantzita ibiltzea eta barrura sartzean kentzea”, irakurri genion Alex Arenasi, epidemien modelizazio matematikoan adituari. Zer diozu? [Elkarrizketa egin biharamunean lanean maskara janztea derrigortu zuten].
Bai. Nik uste dut oso gaizki ulertu ditugula gauzak. Baina ulertu ditugu gaizki, hein handi batean agintariek eurek ere oker komunikatu dutelako. Arauak ezarri dizkigute, baina ez dizkigute behar bezala azaldu arau horien zergatiak eta nahasmen handia sortu da. Ulertu izan bagenu ondo zertarako jantzi behar dugun maskara, konturatuta geundeke askoz inportanteagoa dela justu maskara janztea nahitaezkoa izatea barruan eta ez kanpoan. Kanpoan behartuta gaude eramatera, arau hori jarri dutelako, baina erabat zentzugabea da mendi puntan eta bakarrik zaudela maskara janztea. Nik uste dut kontraesan horiek sortzen dutela nahasmena. Beraz, nik esango nuke barruetan nahitaez jantzi beharko genukeela maskara, geure buruak ez eze, ingurukoak ere babesteko.

 • Eta beharbada lehen esan duzun baliabideak jarri behar horregatik dute horrenbesteko erresistentzia Osasunerako Mundu Erakundeak eta abarrek aerosol bidez ere kutsa daitekeela onartzeko?
Bai, argi eta garbi. Aerosolen bidez kutsa daitekeela onartzeak behartzen gaitu gauza askoren inguruan pentsatzera. Eta Hezkuntzan gertatzen dena da horren adibidea. Erabat logikoa da hezkuntzako eragileek baliabideak eskatzea administrazioari, ratioak gutxitu ahal izateko. Zergatik? Bada, gakoa delako. Garbi ikusten da osasuna sistema ekonomiko-politikoaren menpe dagoela eta horregatik ez da hain erraza aerosolen bidezko transmisio arriskua arauetara eramatea. Eta Espainiako Gobernuak atera zuen dokumentu bat da horren adierazle garbia. Dokumentu hartan oso ondo azaltzen zuten lehenengo olatuan zer gizarte aldagaik eragin zuten pertsona edo kolektibo jakin batzuk kalteberagoak izatea. Deigarria eta adierazgarria zen txostena. Argi zioen ekonomikoki zailtasunak dituztenak, LGTBI kolektibokoak, adinekoak, buruko gaixotasunak dituztenak, espetxeetan daudenak eta abar zirela zaurgarrienak. Haiek zirela birusaz kutsatzeko arrisku handiena zutenak, eta behin kutsatuta, haiek zutela okerrera egiteko eta hiltzeko arrisku handiena. Dokumentuaren bigarren zatian, hainbat gomendio jaso zituzten, hori saihesteko.

 • Gomendioak; ez arauak.
Hori da. Gomendio hutsak ziren. Zergatik? Ez daukatelako tresnarik gomendio horiek arau bihurtzeko. Aerosolen kasuan antzekoa gertatu da. Batetik dago hori, eta bestetik dago fisikariek egiten dituzten simulazio guztiak mundu edo egoera ideal batean egindakoak direla eta bizitza erreala ez dela horrelakoa. Bizitza errealean, tantak eta aerosolak ez dira horren argi bereizten, korronteak daude, jendea mugitu egiten da eta espazioak era askotarikoak dira. Beraz, diseinutik errealitatera aldea dago eta denbora asko joan da laborategian ikusi dutena errealitatean zenbateraino ematen den ikusi den arte.

 • Zein litzateke benetako adibideetako bat?
Txinan gertatutakoa da bat, maskararen erabilera derrigorrezkoa ez zenean. Egia da ikerketa hark bazituela hutsune batzuk eta izan zitekeela beste modu batean kutsatu izana ere haiek. Bi autobus ziren, ordubete eskaseko bidaia egiten zutenak. Batean, birusaz infektatutako lagun bat zihoan, eta bestean, ez. Beren bidea egin zuten bi autobusek, eta ikusi zuten kasu positiboa zihoan autobusean beste asko kutsatu zirela, infekzioa zeukan pertsonarengatik urruti egon arren. Aldiz, autobus berean leiho eta ate ondoan jarrita zihoazenak, aire natural apur bat bazutenak, ez ziren kutsatu. Kasu paradigmatikoa da, erakusten duena leku itxi batean birusa askoz urrutirago iritsi daitekeela.

 • Aireztatzeak nolakoa izan behar du?
Aireztatze egokia izango litzateke korrontea sortzea ahalbidetzen duena, baina negua dator, eta esatea errazagoa da. Parez pare dauden leiho eta ateak zabaltzea litzateke idealena, eta ezin denean, alde bakarreko aireztatzea bermatu beharko genuke. Ezin bada, lokalak ez baldin badu kanpora ematen duen aterik edo leihorik, beste sistema batzuk bilatu behar dira aire naturala sartzeko. Lortu behar duguna da aire garbia sartzea, ahalik eta maiztasun handienarekin eta berzirkulaziorik ez gertatzea. Leku batzuetan, eskola jakin batzuetan-eta, hasi dira CO2a neurtzen duten aparatuak erabiltzen. CO2a da guk botatzen dugun gasa eta horrek erakusten digu zenbateraino ari den “kargatzen” lokala eta noiz behar den airea berritzea. Horrekin lortzen duguna da airea berritzea, ateak eta leihoak uneoro zabalik izan gabe.
Ideala, baina, bestea da: uneoro korrontea egotea. Badaude, era berean, filtroak airean dauden partikula guztiak xurgatzen dituztenak, tartean birus partikulak ere bai, baina gertatzen dena da ehun euro balio dutela. Eta lehengora bueltatzen gara: arauak jartzen dituztenei baliabideak eskatu beharko genizkieke.

2020 11 12 ana galarraga grafikoa covid19 maskara

 • Maskarak zenbatean babesten du leku itxietan?
Asko-asko. Berez, kanpoan, ez bada jende askoz inguratuta gaudela eta denbora asko pasatzen dugula norbaitekin parez pare hizketan, maskara ez da horren beharrezkoa. Imaginatu bi lagun gaudela hondartzan edo parke batean isil-isilik, umeak nola jolasten diren ikusten. Berez, hor ez dago arriskurik. Espazio itxietan, baina, maskara babes handia da.

 • Birusa aerosolen bidez ere transmititzen dela jakinda, zalantza sortu zaigu lantokian. Zer motatako maskarak erabili beharko genituzke espazio itxietan?
Maskarez ari garela bi kontu daude aintzat hartzekoak: teknikoki zer babes ematen duten eta nola erabiltzen ditugun. Eztabaidaezina da FFP2ak direla ondoen babesten dutenak. Onenak dira norbera infektatuta baldin badago besteak ez kutsatzeko, bai eta norbera kanpotik datozkigun birusetatik babesteko ere. Kirurgikoek babes mugatua ematen dute, eta bereziki onak dira guk besteak ez kutsatzeko. Kontuan izan behar dugu ospitaleetan-eta normalean erabiltzen dituztenak kirurgikoak direla eta hortik datorkiela izena ere. Pentsatzekoa da, beraz, txar-txarrak ere ez direla. Bestetik, maskara higienikoak dauzkagu. Oihalezkoak izaten dira, eta filtrodunak eta filtro gabeak daude. Horiek erabilera mugatua dute, eta garbitualdi kopuruaren eta erabiltzen duten iragazkiaren araberakoa da ematen duten babesa, baina jakina, ezer eramatea baino hobeto da maskara higienikoa janztea ere. Berrerabili egin daitezkeela da duten abantaila; hondakin gutxiago sortzen dugula. Garrantzitsua zer da? Espazio itxietan denek erabiltzea musukoa. Arrisku-margen bat maskara guztiek dute, baina pareko denek musukoa jantzita badute, ez dago arriskurik. Ez nago seguru 'The Lancet'-en izan zen edo beste aldizkari espezializatu batean argitaratu zuten artikulua, baina esaten zuena zen maskarak eremu sanitariotik kanpora eramateko oso inportantea zela jendeak gauza normaltzat ikustea; ez ikustea maskara oso gauza teknikotzat, alegia. Askoz errazagoa dela, esaterako, amak edo lagun batek josi diguna erabiltzea, ehuneko ehunean homologatua den maskara teknikoago bat erabiltzea baino, errazago jantziko dugulako gure sentitzen duguna.
Denek janztea eta maskararen erabilera egokia egitean dago hemen gakoa. Ez kentzea jateko edo hitz egiteko, jendearekin gaudenean. Bestela, pentsa une batez zer nolako inbertsioa egin beharko genukeen etxe batean denok FFP2ak erabiltzeko. Pentsatu behar dugu hau luzerako dela eta jendeari erraztasunak eman behar zaizkiola.

 • Isiltasuna aipatu duzu. Zergatik da garrantzitsua?
Aldagai garrantzitsua da bolumenarena. Ozenago hitz egitean tanta gehiago askatzen ditugu eta handiagoak.

 • Etxeko konfinamendua eskatu dute hainbat mediku eta zientzialarik.
Saihestezina ere bazirudien joan zen astean, baina momentuan, ostalaritza itxi eta gure mugikortasuna are gehiago mugatzera mugatu dira. Bai, eta sentitzen dut pila bat ostalaritzan ari direnengatik, baina iruditzen zait ostalaritzak pentsatu beharra duela nolabait nola bihurtu seguru euren espazioak. Seguru nago ahalegin guztia egiten dutela, beraiek direlako lehenengo interesatuak lanean jarraitzeko, baina nire ustez, portaera zientzietan edo gizarte zientzietan adituak direnak behar ditugu arriskuak saihesteko zer egin behar dugun ondo komunikatzeko. Garbi dagoena da kafea kanpoan hartzeko aukera dagoenean taberna barrura sartzeak ez daukala zentzurik. Hartu terrazan, ez sartu barrura, mesede bat egingo diozulako zeure buruari, bai eta ostalariari ere.

 • Ardura kolektiborako deia egin dute eta gauden egoerara iritsi izana gizarte osoaren porrota izan dela ere esan digute.
Nik ez dut bat egiten hau gizarte osoaren porrota izan dela dioen diskurtso horrekin. Arduratsu jokatu behar dugu, bai, baina bakoitzak bere ardurak eta erantzukizunak ditu. Komunikazioan huts egin da, eta birusaren kontra egiteko estrategian ere bai. Estrategia diseinatu zutenek argi jaso zuten paperean testak erruz egiten hasi beharra zegoela, kasuak lehenbailehen detektatzeko. Kutsatuak identifikatu behar ziren eta haiei birusa nondik iritsi zitzaien aztertu, transmisio-katea azkar eteteko. Estrategia, berez, egokia zen, baina estrategia hori gauzatzeko baliabideak jarri behar ziren eta hori da egin ez dena. Beraz, gizartearen porrota izan da hau? Ez. Nire esku ez zegoen transmisio-katea eteteko baliabideak jartzea. Ezin da zama hori gizarte osoaren gain utzi,ardura ez denean gizarte osoarena.