48 positibo berri atzeman dituzte asteon Elgoibarren, joan zen astean baino hamalau gehiago

Barren.eus 2020ko aza. 13a, 15:31

Astelehenetik eguenera bitartean 48 koronabirus kasu zenbatu ditu Osasun Sailak Elgoibarren (aurreko astean 34 izan ziren eta 32 aurreragokoan). Azken hamalau egunetan 133 positibo zenbatu dituzte eta 1148,04ra igo da intzidentzia-tasa. Mendaron hiru positibo hauteman dituzte azken lau egunetan.

 Azken lau egunetan 48 positibo berri atzeman dituzte Elgoibarren: 17 eguenean, 7 eguaztenean, 7 martitzenean eta 17 astelehenean. Azken 14 egunetan 133 positibo atzeman dituzte Elgoibarren, eta horren ondorioz, igo egin da 100.000 biztanleko intzidentzia tasa. Une honetan 1148,04an dago (1009,93koa zen astelehenean).
Mendaron hiru positibo berri atzeman dituzte asteon: bat eguenean, bat eguaztenean eta beste bat astelehenean. 748,01ean dago intzidentzia tasa.

Debabarrenean 125 positibo berri atzeman zituzten atzo, eguena, eginiko probetan, aurreko egunean baino 35 gehiago. Eibarren atzeman zuten kopururik handiena, 56 positibo. Zona gorrian dauden herrien artean intzidentzia-tasa handiena duen herria izaten jarraitzen du Eibarrek, 2.437,05ko tasarekin. Ermuan 30 kasu zenbatu zituzten atzo, 17 Elgoibarren; 11 Deban, 5 Mutrikun, 5 Soraluzen eta 1 Mendaron.

Hona hemen azken zazpi egunetako (barikutik eguenera) datuak, herriz herri:

  • Eibar   49-41-72-25-53-56: 296
  • Ermua 15-16-18- 22- 17-13- 30 111
  • Elgoibar   7-7-11-17-7-7-17: 73
  • Mendaro:  1-2-0-1-0-1-1: 6
  • Deba:  5-6-7-10-9-7-11: 55
  • Mutriku:  3 -2 -1 -5-5-6-5: 27
  • Soraluze  2-1-3-1-4 -2-5: 18

 • Hego Euskal Herrian 1.636 kasu
Gipuzkoan 619 positibo izan ziren atzo, 653 Bizkaian eta 137 Araban. Guztira, 17.061 proba egin zituzten hiru lurralde horietan, eta 1.420k eman zuten positibo –positibotasun tasa % 8,3koa da–. Erietxeetako egoerak okerrera egin du beste behin: atzo 60 lagun ospitaleratu zituzten, eta guztira, 500 dira ospitaleetan daudenak. Horietatik 134 lagun daude ZIUn.

Nafarroako datuak ere eman ditu hango gobernuak. Atzokoan 3.520 proba egin zituzten, eta horietatik 216 kasu zenbatu dituzte. Azken egunetan nabarmen egin du hobera Nafarroako egoerak. Duela hiru aste egunean 700 positiboren bueltan ibili ziren, eta azken egunotan 300 baino gutxiago zenbatu dituzte.

∞Lotura duten albisteak: