Beira birziklatzeko kanpainan aztertutako ostalarien %86ak birziklatzen du beira

Barren.eus 2020ko aza. 6a, 18:04

Gipuzkoan biztanleko 37,5kg beira jasotzen dira urtean eta Debabarrenan, berriz, 31,5kg. Datu horiek hobetzeko asmoz egin du Mankomunitateak beira gehiago birziklatzeko kanpaina, eta orain, atera dituzten ondorioak aurkeztu dituzte.

 Debabarreneko Mankomunitateak iraileko bigarren hamabostaldian eta urriko lehenengoan egin zuen beira gehiago birziklatzeko kanpaina Elgoibar, Deba, Mutriku, Eibar eta Ermuako tabernetan eta jatetxeetan, eta orain, kanpainaren lehen ondorioak aurkeztu dituzte. Kanpainaren barruan, eskualdeko 146 establezimendu bisitatu zituzten mankomunitateko kideek. Horietatik 27 itxita zeudela zehaztu dute, gehienak Covid-19agatik.
Elkarrizketatu ahal izan zituzten 119 kasuetatik 102k beira birziklatzen dutela esan dute, %86ak, alegia.
Tabernetara eta jatetxeetara eginiko bisitetan ostalariei beira birziklatzen laguntzeko bitartekoak ere eskaini dizkietela azaldu dute Mankomunitateko arduradunek. “Bederatzi ontzi banatu dira eta zazpi edukiontzi aldatzeko eskatu dute ostalariek, batez ere ontzi handietan jasotako beira edukiontzietan sartzeko Vacri sistema erabili ahal izateko”.
Ekimenari jarraipena emango dio Mankomunitateak eta beste bi bisita egingo dituzte, ostalariak sailkapena egoki egiten ari direla bermatzeko. Horrela ez bada, Mankomunitateak neurriak hartuko dituela ohartarazi du. "Hamazazpi establezimenduren kasuan zalantzagarria izan da lehen bisitan emandako erantzuna, eta horregatik, bigarren fase batean beste bisita bat egingo zaie, beira birziklatzen duten taberna eta jatetxeen portzentaia %100era ahalik eta gehien hurbiltzeko asmoarekin", adierazi dute.
Debabarrenan 413 edukiontzi-iglu daude eta beira bakarrik bota daiteke, ez tapoi edo bestelako kristalik. "Beira ez diren hondakinak iglura botatzen badira, birziklatzea zaildu eta edukiontziko beira kutsatu daiteke". Mankomunitateak gogorarazten du garrantzitsua dela hondakinak ondo
bereiztea eta dagokion edukiontzira botatzea.

∞Lotura duten albisteak: