Elgoibarko Udaltzaingoak 14 salaketa jarri ditu neurri murriztaile berriak indarrean daudenetik

Barren.eus 2020ko aza. 6a, 13:21

Eusko Jaurlaritzak covid19-ari aurre egiteko neurri murriztaile berriak indarrean daudenetik hamalau salaketa jarri ditu, gehienak mugikortasunarekin eta maskararen erabilerarekin erlazionatutakoak.

Poliziak guztira zazpi salaketa jarri ditu udalerri mugakideko pertsonen sarrerak eta irteerak ez errespetatzeagatik eta beste bost gaueko ordutegian zirkulatzeko askatasun mugatzea ez errespetatzeagatik. Halaber, beste bi isun jarri dituzte maskara ez erabiltzeagatik eta beste bat horren erabilera desegokiagatik. Jaurlaritzaren neurri berriak urriaren 26tik daude indarrean eta Elgoibarko Udaltzaingoak irekitako zigor-espedienteak urriaren 29tik azaroaren 3ra bitartean ezarritakoak dira. 

Datuon harira, honako eskaera egin die Elgoibarko alkate Ane Beitiak herritarrei: “Egoera serio eta kezkagarri baten aurrean gaudela jabetu behar dugu. Aste gogorrak aurreikusten dira. Arduraz jokatzeko konpromisoa hartu behar dugu gure eta besteen osasuna babesteko”.
 • Lan pedagokikoa
Aipatu behar da, gainera, urriaren 29ra arte, udaltzainak udalerriko kaleetan zehar ibili direla, lan pedagogikoa egiten eta herritarrei indarrean dagoen araudiaren berri ematen. Era berean, aste honetan zehar, Udaltzaingoa informazio-dokumentu desberdinak banatzen ari da udalerriko ostalaritza-establezimenduetan. Dokumentu horietako batek, Ertzaintzak eta udaltzaingoek osasun-alarman aplikatzeko dituzten irizpideen inguruko informazio jasotzen du eta 36/2020 Dekretuan jasotako neurri nabarmenenak aipatzen ditu. Agenteek bigarren dokumentu bat ere banatu dute, dekretu horrek jasotako arauetan ezarritako neurri murriztaileez gain, hamar gomendio biltzen dituena. Bertan, horiek betetzea bereziki garrantzitsua dela azpimarratzen da prebentzio-neurriak indartzeko eta kutsatzeko arrisku handiena duten egoerak murrizteko. Gainera, dokumentu honek galderak eta erantzunak jasotzen ditu, Eusko Jaurlaritzak onetsitako azken dekretuaren edukiak hobeto ulertu eta interpretatzeko.