Ostalaritza itxi eta etxeratze agindua 22:00etara aurreratu du Jaurlaritzak

Barren.eus 2020ko aza. 5a, 20:53

Tabernak eta jatetxeak, salbuespenak salbuespen, ixtea agindu du Eusko Jaurlaritzak. Horrez gainera, etxeratze agindua 22:00etara aurreratu dute.

 Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du kutsatze datuak geroz eta kezkagarriagoak direla eta horren ondorioz neurri murriztaile gehiago hartu ditu Eusko Jaurlaritzak, besteak beste, "Gabonetara ahalik eta egoera onenean iristeko", Urkulluren esanetan.
Aipaturikoez gainera, denda guztiak 21:00etarako itxi beharko dituzte, farmaziak eta gasolindegiak izan ezik. Kultur ekitaldiek 21:00ak baino lehen bukatu beharko dute.
Zapatuan jarriko dira neurriak indarrean.

Neurri murriztaileok azaro osoan egongo dira indarrean, eta hamabostean behin aztertuko dute zenbaterainoko eragina izaten ari diren.

Urkulluk esan du birusaren transmisio komunitarioa eten ezean, "beste konfinamendu batera kondenatuta" gaudela. Ahatik, mugikortasuna eta bizitza soziala ahalik eta gehien murriztea eskatu du. Izan ere, birusaren transmisioa gero eta handiagoa dela-eta, aitortu du egoera gero eta "kezkagarriagoa" dela. Zehaztu du ospitaleek ez dutela "kolapsatzeko" arriskurik oraingoz, baina dagoeneko "saturazioa" mehatxu bat dela. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Labi Babes Zibileko Planaren aholku kontseilua bat etorri dira neurri murriztaile gehiago ezartzeko orduan.

NEURRI BERRIAK

  1. Gaueko 22:00etatik goizeko 06:00etara pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatzea.
  2. Jarduera sozioekonomikoak 21:00etatik aurrera mugatzea. Merkataritza-establezimendu guztiei eragingo die; farmaziei eta gasolindegiei izan ezik.
  3. Kultur jardueretan aforoa %35-ekoa izango da.
  4. Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduak itxiko dira. Kanpoan geratzen dira hoteletako eta beste ostatu batzuetako jantokiak, egoiliarrei zerbitzua emateko. Jatorduak etxez etxe prestatu eta zerbitzatu ahal izango dira, aldez aurretik hitzordua eskatuta, 21:00ak arte. Gasolindegietan, osasun-zentroetan, zentro soziosanitarioetan, eskola-jantokietan, lantegi eta jantoki sozialetako zerbitzu-guneetan sartzen diren jatetxe-zerbitzuak kanpoan geratzen dira.
  5. Kultura-jarduera, -ikuskizun edo -ekitaldi oro gaueko 21:00-k baino lehen bukatu beharko dira. Musika- eta ahots-entsegu kolektiboak edo dantza-entsegu kolektiboak, profesionalak ez direnean, bertan behera gelditzen dira.
  6. Taldeko edozein kirol-jarduera etetea, lehiaketa profesionala edo erdi-profesionala izan ezik. Debekatuta dago kirol-ekitaldietara joatea. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea jarduera fisikoa edo kirola hiri-inguruneetan egiten denean.
  7. Ikastaroak edo programatutako jarduerak gimnasioetan, kirol klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan egin daitezke; betiere maskararekin egiten badira, gehienez sei laguneko taldeetan eta gehienez %40ko aforoarekin.
  8. Joko- eta apustu-establezimenduak eta -lokalak ixtea.
  9. Gaueko 22:30ak izango dira garraio publikoa lurralde historikotik ateratzeko gehieneko ordutegia. Salbuetsita dago taxia edo gidaria duen ibilgailuaren alokairua