Osasungintza publikoaren kudeaketa “desastre hutsa” dela salatu dute

Barren.eus 2020ko aza. 4a, 14:28

Elgoibarko Pentsiodunen Mugimenduak salatu du "gezurra dela" anbulatorioko lehen mailako arreta lehen zegoenaren berdina denik. Mugimendutik salatu dute adinekoek arazoak dituztela gaur osasun arreta jasotzeko, eta Osakidetzako lankideak ere haserre daudela.

Uztailean aurkeztu zuen Elgoibarko Pentsiodunen Mugimenduak “osasun publiko duinaren aldeko” mozioa, EH Bildu eta Podemosen bidez, baina mozioak ez zuen aurrera egin. Haren ordez, EAJk eta PSOEk aurkeztu zutenak egin zuen aurrera. “Elgoibarko anbulatoriko lehen mailako arreta berdina da gaur egun. Besterik da udako ordutegia (ekaina-abuztua) 17:00ak arte izatea Elgoibarko Osasun Zentroan. Ordu horretatik aurrera, arreta Eibarko Ospitaleko Torrekuako IUPean jartzen da, une honetan”, zioen onartu zuten mozioak. Baina Elgoibarko Pentsiodunen Mugimenduak salatu du azaroan egoera berean gaudela. “Gezurra da anbulatorioko lehen mailako arreta berdina denik, ez baitago aldez aurreko arretarik, kasu zehatzen batean izan ezik”, jaso dute. 

Mugimendutik salatu dute adinekoek arazoak dituztela gaur osasun arreta jasotzeko, eta Osakidetzako lankideak ere haserre daudela. “Haserre, jendea duintasunez artatzeko baliabideak ematen ez dizkietelako”. Horregatik, bat egin dute asteon sindikatu guztiek deituta osasun zentroen aurrean egin diren mobilizazioekin. Zaharren egoitzetako lankideei ere elkartasuna agertu diete. “Beren lana egiteko baliabideak jartzen ez dizkiete hartzen, eta gainera, denbora gehiegi daramate beren aldarrikapenen alde borrokan”. Hori guztiagatik uste dute osasun publikoaren kudeaketa “desastre hutsa” ari dela izaten. “Urteetan lortu dugun guztia, lortu ditugun zerbitzu publikoak, arrapaladan hondatzen ari dira, sistema pribatua sustatzeko helburu bakarrarekin, publikoaren kaltetan”. Eta gehiago ere esan dute: “Orain esango digute COVID-19ak duela errua. Ez da horrela. Sistema publikoaren narriadura planifikatua da, gutxienez 1999. urtetik garatzen ari dena. Ez gezurrik esan”.

2020 11 04 protesta pentsiodunak elgoibar