Heriotzaz hausnartzeko egitasmo bat jarri dute abian, eta parte hartzera animatu dituzte herritarrak

Barren.eus 2020ko aza. 2a, 16:30

Aita Agirre kulturgunera sartzen direnek “Hil aurretik nahi dut…” izeneko mural parte-hartzaile bat aurkituko dute sartu eta bat. Esaldi horretatik abiatuta nahi dutena idaztera animatu dituzte herritarrak.

 Azaroaren 1etik 7ra bitartean, www.dandovidaalamuerte.org plataformaren baitan dauden espainiar estatuko hainbat elkartek – gure inguruan Almaur eta Euskadi Lagunkoia elkarteek– "Heriotzari bizia ematen" jaialdia antolatu dute, eta Elgoibarren ere izango da parte hartzeko aukera, modu sinbolikoan bada ere, "Hil aurretik nahi dut…" ekimenaren bidez. Mural bat jarri dute Aita Agirre kulturguneko sarreran, eta, bertan, herritarrek beren bizitzei buruz hausnartzeko aukera izango dute, eta beren asmo pertsonalak jendaurrean partekatzekoa.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 'Hil aurretik nahi dut...' ekimena New Orleans [Ameriketako Estatu Batuetan] hiriko etxe abandonatu batean sortu zen, Candy Chang artista urbanoaren eskutik. Maite zuen lagun bat hil zitzaionean heriotzaren gaiak sortzen zituen sentipenak adierazteko espazio bat sortu nahi izan zuen hirian. Ordutik, pertsona ugarik muralak sortu dituzte euren komunitateetan, eta orain 5.000 bat mural daude 35 hizkuntzatan, 78 herrialdetan. "Murala konpromiso zibiko positiboko proiektua da, gure ikuspegia berrezartzen, bizilagunak beste modu batean ezagutzen eta gure komunitateen ongizatea hobetzen laguntzen diguna", adierazi dute ekimenaren sustatzaileek.
Jaialdia heriotzaren eta hiltzeko prozesuaren gaia esploratzeko, ikusarazteko eta normalizatzeko hainbat jardueraz osatuta dago, eta hiru helburu nagusi ditu:

  1. Herritarrak, oro har, horri buruz hitz egitera, eta prozesu hori, denoi iristen zaigun gauza normaltzat hartzera bultzatzea.
  2. Topagune izatea hiltzeko prozesuaren alderdi eta une desberdinak lantzen dituzten elkarte eta pertsona ugarientzat.
  3. Jardunaldiaren astea urte osoan zehar etengabe elikatzen den proiektu bihurtzea, proiektuak eta elkarteak aurkeztuz, sare sozialen eta Youtubeko kanalaren bidez.

Jaialdia diseinatzerakoan, kontuan hartu dituzte alarma-egoerak izan ditzakeen murrizketak. Hori dela eta, jarduera gehienak modu birtualean egingo dira, antolatzaileek Youtuben duten kanalean.

Hitzaldiak herritar guztiei zuzenduta daude. Antolatzaileen arabera, komunitate batek, gizarte batek heriotzarekin duen lotura galtzen duenean, beldurra, tristura eta dolu-prozesu zailak izaten dira ondoren. Helburua da, astean zehar, eta aste hori baino harago, herritar guztiengana iristea eta bizitzaren amaiera testuinguru "errukiorrago" batean kontuan hartzera gonbidatzea.

2020 11 02 hilaurretiknahidut kartela aitagirre elgoibar

2020 11 02 heriotzari bizia ematen jaialdia kartela