22 positibo berri atzeman dituzte asteburuan Elgoibarren, eta bost Mendaron

Barren.eus 2020ko aza. 2a, 14:06

Elgoibarren 22 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte barikutik domekara arte, aurreko asteburuan baino bat gehiago, eta intzidentzia-tasak behera egin du apur bat. Mendaron bost positibo berri zenbatu ditu Osasun Sailak asteburuan eginiko PCR probetan.

Intzidentzia tasak adierazten du bi astean 100.000 biztanleko zenbat positibo egon diren. Elgoibarren 889,08koa da une honetan (949,50ean zegoen barikuan eta 1009,93koa izatera ailegatu zen urriaren 28an). Azken hiru egunetan 32 positibo berri atzeman dituzte Elgoibarren: 8 barikuan, 10 zapatuan eta 4 domekan. 

Mendaron bost positibo berri hauteman dituzte: bat barikuan, beste bat zapatuan eta hiru domekan.
Eskualdeari dagokionez, Debabarrena eskualdean 248 positibo berri dira, aurreko asteburuan baino 96 gehiago. Eibarren bereziki nabarmen egin dute gora positiboek, aurreko asteburuan baino 68 gehiago atzeman baitituzte.
Debabarreneko datuak herriz herri (barikutik domekara arte):

  Urriak 30 Urriak 31 Azaroak 1 GUZTIRA
Eibar 45 47 42 134
Ermua 25 13 21 59
Elgoibar 8 4 10 22
Deba 8 4 3 15
Soraluze 3 3 1 7
Mendaro 1 1 3 5
Mutriku 3 0 2 5
Mallabia 1 0 0 1
DEBABARRENA 94 72 82 248

 • 104 lagun ZIUn
Atzo egindako 12.452 PCR eta antigeno probek 972 positibo hauteman dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan; proben %7,8ak eman du emaitza positiboa, hain zuzen ere. Horietatik 520 izan dira Bizkaian, 368 Gipuzkoan, 64 Araban eta 20 bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Oinarrizko birsorkuntza datua 1,05ekoa da Gipuzkoan. Elgoibarren 1,00koa da eta 0,75ekoa Mendaron.

Ospitaleetan, guztira 573 lagun daude ingresatuta, eta horietatik 43 atzo ospitaleratu zituzten. Bestetik, kezkagarria da ZIUen egoera, izan ere 104 lagun daude bertan; pandemiako zenbateko larrienetarikoa.

Nafarroan, berriz, 525 kasu berri zenbatu zituzten atzo, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera. Larunbatean 580 kasu atzeman zituzten, eta egoerak oso larria izaten jarraitzen du lurralde horretan.

•Iñigo Urkulluren adierazpenak

Iñigo Urkulllu lehendakariak Euskadik osasun-sistema sendoa duela baieztatu du Radio Euskadiko Boulevard saioan gaur egin dioten elkarrizketan, eta azpimarratu du koltxoi bat dagoela ZIUko oheei dagokienez. "Euskadin egoera gogorrago bati aurre egiteko prest gaude, erantzuteko gaitasuna duen osasun sistema bat dugulako", adierazi du. Urkulluk esan du egunero ari direla pandemiaren inguruko egoera aztertzen eta, murrizketa berriak ezarri aurretik, hartutako azken neurrien eragina ebaluatzen. "Egoera kezkagarria da, eta orekatik aurre egiten saiatzen ari gara, osasuna eta ekonomia babesteko", adierazi du. Hala, aste honetan zehar LABIk azken 10 egunetako azterketa oso bat egiteko aukera izango duela aurreratu du.
Nolanahi ere, Urkulluk argitu du neurri posible guztiak aztertzen ari direla, besteak beste, funtsezkoak ez diren jarduera ekonomikoak ordu jakin batean etetea edo egunero ordu bat lehenago mugatzea; eta, konfinamendu berri bati buruz galdetuta, azpimarratu du horrek ekonomian izango lituzkeen ondorioez jabetu behar dela, eta, gainera, aurrekontuak birplanteatu beharko liratekeela.

∞Lotura duten albisteak: