Auto batek istripua izan du Elgoibarren, Deba kalean

Barren.eus 2020ko aza. 2a, 10:34

Ford Lerun eta Carrocerias Urasandi enpresen parean izan da istripua, 8:00ak aldean, N-634 errepidean.

Autoaren kontrola galdu du Eibarko noranzkoan zihoan gidariak eta kontrako erreia gurutzatu ostean harrizko petrila jo du. Auto barruan harrapatuta geldituta da gidaria eta Eibarko suhiltzaileek askatu behar izan dute. Zaurituta eraman dute ospitalera. Zauritua Elgoibarko bizilaguna da.

Inguruko enpresa bateko behargin batek eman die istripuaren berri larrialdi zerbitzuei. Azaldu duenez, danbateko handi bat entzun dute. Pareko enpresatik zetorren zarata izango zela pentsatu dute hasieran, baina auto batek petrilaren aurka jo duela ikusi dute gero.

2020 11 02 istripua elgoibar deba kalea 1

2020 11 02 istripua elgoibar deba kalea 3