Musukoak, komunikaziorako traba

Barren.eus 2020ko urr. 30a, 11:34

Denoi gertatu zaigu. Maskara edo musukoak jantzita gabiltzanetik nekezago aditzen diegu parekoei. Denok egin dugu: uneren batzutan maskara jaitsi dugu, parekoarekin komunikatzeko. Bada kolektibo bat, baina, bereziki sufritzen duena gai honetan. Gorrentzat, entzuten ez dutenentzat nahiz desberdin entzuten dutenentzat, benetako amesgaizto bihurtu dira musukoak. Komunikaziorako hesi zaizkie maskarak eta haiek erabiltzeko derrigorrak bizimodua zaildu die, lehenaz gainera. Ezin dituzte ezpainak irakurri, eta aurpegiko espresioa ezkutatuta, zeinu hizkuntza erabiltzeko ere zailtasunak dituzte, aurpegi-eskuetan darabiltelako hitza zeinu hizkuntzan.

 Gorrak dira Ibai Etxabe (Elgoibar, 1982) eta Olatz Urkia (Azpeita, 1982) senar-emazteak, baina lehen begiratuan zaila da igartzen. Audifonoarekin ondo moldatzen da normalean Ibai aurrez aurreko elkarrizketetan, baina Ibairentzat laguntza handia dena traba da Olatzentzat, audifonoak are gehiago gortzen dituelako haren belarriak. Probatu zituen umetan, eta burua lehertzerainoko mina eragiten zioten: “Audifonoarekin dena zen kolpe-hotsa, dena zarata”. %45eko entzumen urritasuna dauka Ibaik eta %58koa Olatzek. Sortzez dira gorrak, eta belarriko gailuarekin edo gailurik gabe, parean dutenaren ezpainak irakurri ahal izatea funtsezkoa da haientzat komunikazio egoki baterako. Musukoek, baina, estali dizkiete aho guztiak, ezkutatu dizkiete ezpainak, eta lehenaz gainera, zaildu egin zaie egunerokoa. Zaildu, lehen ere errazik ez zutelako. “Galduta” sentitzen dira, “baztertuta”, eta gorrek dituzten zailtasunak bistaratzeko asmoz eman dute elkarrizketa ere, gorren kolektiboa “ikusgarriago” egiteko. Jaiotzetik bertatik ohituak daude gainerakook baino ahalegin handiagoa egitera egunero, bai eta azalpen gehiago ematera ere, eta gertatu zaie gaur ere, hasierako agurrak egiteaz batera. “Ez dizugu ulertu. Maskara jaitsiko bazenu apur bat...”, zuzendu zaizkio kazetariari. “Badakigu zer ari garen eskatzen eta ez zaigu erraza, badakigulako hein batean arriskuan jar ditzakegula parekoak musukoa kentzeko eskatzean, baina momentuan ez daukagu beste biderik”. Maskara derrigorrez jantzi beharrak eta aurrez aurreko zerbitzu asko bertan behera gelditu izanak “izugarrizko mina” egin diela adierazi dute eta “ikaragarri” zaildu diela bizimodua. “Etsita sentitzen gara askotan”.

2020 10 30 olatz urkia ibai etxabe barren 4
“Zuek, edozer behar duzuela, beti daukazue telefonoz deitzeko aukera; guk, ez, eta orain edozein izapide egiteko, telefonoz deitu behar da leku guztietara”, zehaztu du Ibaik. “Senideen laguntzarik gabe, galduta gaude. Nire ama da momentu honetan gure babes handiena, gure bitartekaria, gure interpretea. 69 urte beteko ditu amak azaroan, eta gaur, noan leku guztietara laguntzen dit: udaletxera, bankura, pediatrarenera... baina berak ere sarri esaten digu ez dela mundu honetan betiko izango”, gehitu du. Autonomo izan nahi dute. Gustatuko litzaieke anbulatorioan, banketxean edo beste edozein zerbitzutan hitzordu bat eskatu behar dutenean, bakarrik moldatu ahal izatea. Edo goizaldeko ordu txikietan umeren bat ondoezik jartzen zaienean larrialdi zerbitzuetakoekin zuzenean komunikatzea, ama edo etxeko besteren bat esnatzen ibili beharrean. Izan ere, herritarrei larrialdi egoeretan laguntza azkarra eta eraginkorra emateko martxan jarri zuten 112 telefono zenbakia ere “hutsa” zaie entzun ezin dutenei. “Proba egiteko eskatuko nizueke. Jantzi kasko on batzuk eta ibili haiekin hamar egunez. Ez okurritu min hartzerik”.

Autonomia nahi dutela diote behin eta berriz, baina eskubidez dagokien aukera-berdintasuna da eskatzen ari direna. “Aplikazio bat sortzea eskatzen dugu batetik, eta bestetik, zerbitzu publikoa ematen duten lekuetan, harrerako batek gutxienez maskara gardena janztea”.

2020 10 30 anne etxeberria errep barren elgoibar
 • Maskara homologatuaren beharra
Bat dator Anne Etxeberria ere (Elgoibar, 1982). “Maskara garden homologatuak behar ditugu, seguruak eta lurruntzen ez direnak”. Etxeberriak gogorarazi du martxotik dabiltzala gorren elkarteak maskara garden homologatuak sortzeko eskatzen Eusko Jaurlaritzari, baina oraindik ez daudela. “Agindu zuten ikasturte hasierarako izango zirela, enpresa batekin hasiak zirelako lanean, baina azaroan gaude esate baterako, eta oraindik arrastorik ez dago”, esan du haserre. Semea [Unax] gorra dute Annek eta Santik [Carrascosa]. “Unaxek ez du ondo entzuten eta gorra da. Gorra izateak ez du esan nahi ezer entzuten ez duenik, baina. Entzuten ez duenari edo desberdin entzuten duenari esaten zaio gorra”, argitu du aurrera egin aurretik Annek. Hipoakusia diagnostikatu zioten Unaxi eta geroztik hamaika ate jo dituzte informazio eta baliabide eske gurasoek.
Unaxek berak ematen die indarra gurasoei. “Txapeldun bat da. Txapeldun batzuk dira. Zentzumen bat falta arren, beste gaitasun batzuk garatzen dituzte mundu honetan aurrera egiteko”, dio amak, semeaz harro. Audifonoak erabiltzen ditu Unaxek bost hilabete zituenetik eta aurrez aurreko elkarrizketetan, distantzia motzera eta inguruan zarata handirik izan ezean ondo moldatzen da entzuteko, baina Unaxentzat ere, oso lagungarria da hizketan ari zaionaren ezpainak irakurtzea. Maskara beste hesi bat gehiago da komunikaziorako eta inork gutxik jarriko du, gaur, hori zalantzan. “Zeinu hizkuntza ere zailtzen du, aurpegiko espresioa galtzen delako”, zehaztu du horren harira Annek. Ahoz komunikatzeko gai den arren, zeinu hizkuntza irakasten ari zaizkio Unaxi Aransgin, Gipuzkoako pertsona gorren familien elkartean, Bergaran.
“Guretzat amesgaizto bat izan da maskararen erabilera derrigortu izana”, gehitu du. Etsita eta egoerak gaina hartuta gogoratzen du Annek semea, maskararen erabilera derrigortu zuten egunaz oroitzen denean. “Egun horretan hiru bat aldiz jaitsi zidan Unaxek maskara kokots parera etxerako bidean, ez zidalako ahorik ikusten. Etxeratu ginenean azaldu nion hurrengo egunetik aurrera kalean denek jantzi beharko zutela eta kosta zitzaion onartzea. ‘Zergatik?’, ‘Zergatik?’ galdetzen zigun behin eta berriz, etsita”. Geroztik, Annek maskara gardena erabiltzen du semearekin komunikatzeko, nahiz eta zehaztu duen leku itxietan eta biren arteko elkarrizketetan maskararekin ere ondo moldatzen dela semea. “Zarata dagoenean eta distantziara hitz egiten diotenean sortzen zaizkio zailtasunak, ezpainak irakurri ezin baditu”. Eta gehitu du: “Arazorik gabe entzuten dugunok ez gara konturatzen zer ahalegin egin behar duten, zenbaterainoko traba zaien maskara gorrei, inguruan entzumen urritasuna duen norbait egokitu arte”. Eta gertatu zaio egoera deserosoak bizi beharra ere horren kontura. Kalean maskara erabiltzea gomendagarria baino ez zenean batek baino gehiagok hartu zion kargu Anneri, gabe zebilelako. “Supermerkatura joateko-eta janzten nuen bakarrik Unaxekin nengoenetan”. Orain, berriz, maskara gardena erabiltzen duenetik, batek baino gehiagok pentsatu du “modernoagoa” delako janzten duela maskara gardena. “Oker daude. Beharra da”. Maskarak ere hamaika eta bi probatu ditu Annek, topatu dituen denak, baina ganorazko bakar bat ez du aurkitu gaur artean. “Kalean ere gelditu izan dut jendea nik, maskara gardenekin ikusi ditudanean”, dio. Orain gehien erabiltzen duena Alemanian ekoitzitakoa da, eta Bilboko enpresa baten bidez ekarri du, 26 euro ordainduta.