Julian Rodriguez izendatu dute Elgoibarko Gurutze Gorriko presidente

Barren.eus 2015ko ira. 29a, 11:39

Erakundearentzak aro berri bat izan daitekeena gidatu beharko du Julian Rodriguezek datozen lau urteetan. Batetik, egoitza aldaketa kudeatu beharko du; eta, bestetik, gizarte beharretan bideratuta ekintzak antolatzen jarri beharko dute arreta, larrialdietako anbulantzia zerbitzua emateari laga diote-eta.

Julian Rodriguez 2008an sartu zen Gurutze Gorrian, eta orain azken lau urteetan Elgoibarko Gurutze Gorriko presidente izan den Txomin Zabaleta ordezkatu du karguan. 

Osasunarekin lotutako gaiekin hasi zen lanean gurutze gorria, baina, krisi ekonomikoaren ondorioz, gizarte eta osasun arazoei aurre egin behar die batez ere Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Horixe izango da Rodriguezen erronketako bat. "Herri-akzioan jarri nahi dugu arreta eta indarra, eta pobrezia egoeran dauden herritarrak lagundu. Erakundeekin, herriko hainbat elkartekin eta elikagaien bankuekin elkarlanean aritu nahi dugu. Lehenagotik ere badihardugu lan horietan, baina irailaren hasieran larrialdietako anbulantzia zerbitzua emateari laga genionez, denbora eta giza baliabide gehiago eskaini ahal izango dizkiogu orain herri-akzioari". 

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak larrialdietako anbulantzia zerbitzu batzuk lehiaketara atera zituen, tartean Elgoibarkoa, eta Gurutze Gorriak galdu egin zuen zerbitzu hori. Horrek ez du esan nahi baina anbulantziak erabiltzeari lagako diotenik, prebentzio lanak egingo dituzte-eta herrian egiten diren hainbat ekintzatan: auzoetako jaiak, kirol eta aisialdiko jarduerak, e.a. Lan horiek guztietarako hamabost lagun inguruko boluntario taldea dutela dio Rodriguezek. 

Presidente berriak jakinarazi duenez, egoitzaz aldatzeko Udalarekin hartu-emanetan dihardute. Aita Agirre eraikinean dauden elkarte eta taldeentzako lokal berrien bila ari da Elgoibarko Udala, erakina berritzeko asmoa dutelako. 

2015 09 28 gurutze gorri zuzendaritza berria