Herrira mugatuta: Zeintzuk dira Jaurlaritzak indarrean jarri dituen neurriak?

Barren.eus 2020ko urr. 29a, 09:20

Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuen domekan, eta autonomia erkidegoen esku laga zuen Covid-aren hedapenari aurre egiteko neurri murriztaileagoak jartzea. Horren harira, astelehenean bertan iragarri zituen Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegorako neurri berriak, eta biharamunean sartu ziren indarrean: geroztik, ezin da norbere herritik irten ez bada lanera edo eskolara joateko, osasun kontuetarako edo mendekoak zaintzeko, baina mugakide diren herrietara joan ahal gara, "jarduera soziekonomikoak" egiteko. Neurriok hamabost eguneko iraupena izango dute printzipioz.

 

  1. Etxeratze agindua: Espainiako Gobernuak alarma egoera ezartzean egindako proposamena onartu zuen Jaurlaritzak astelehenean: 23:00etatik 06:00etara ezin da kalean ibili, ez bada salbuespen kasu hauetan: lanera joateko, sendagaiak erostera irteteko, medikuarenera edo albaitariarenera joateko, legezko betebeharrak betetzeko, zaintza lanetarako eta «ezinbestekoa» den kasuetarako.
  2. Erkidegoko sartu-irtenak: Espainiako Gobernuaren beste proposamen bat ere indarrean jarri du Jaurlaritzak: ezin da erkidegotik irten, salbuespen kasuetan izan ezean: lanera, medikutara edo ikasketa zentroetara joateko, edo menpekotasunen bat dutenak eta adinekoak zaintzera, azterketa ofizialak egitera, epaitegira edo notarioarenera... joateko Zirkulazioari dagokionez, erkidegotik igaro daiteke, baldin eta beste leku batera joateko bidaia baldin bada.
  3. Udalerrietako sartu-irtenak: Itxierekin harago jo du Jaurlaritzak, ordea, eta ezarri du ezin dela norberak bizileku duen herritik irten: erkidegoko sartu-irtenetarako salbuespen kasu berberetan
    ez bada, ezin da beste udalerri batera joan. Agindu horrek badu salbuespen bat: mugakide diren herrien arteko mugikortasuna onartuta dago, baldin eta banakako gizarte, ekonomia eta kirol-jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoak egiteko bada.
  4. Jendea elkartzea: Gehienez sei laguneko taldeak elkar daitezke edozein lekutan. Berdin dio toki itxietan edo aire librean den, berdin dio eremu pribatuan edo publikoan den.
  5. Ostalaritza: Tabernek eta jatetxeek 23:00etarako itxi behar dute. Nola astebarruan, hala asteburuan. Barran kontsumitzea debekatu egin dute, eta maskara jateko edo edateko baino ezingo da kendu. Ordutegi muga hori ez dute izango gasolindegietako tabernek, baina 23:00etatik 06:00etara garraioko profesionalei bakarrik eman ahalko diote zerbitzua. Itxita segituko dute diskotekek eta gaueko aisialdiko establezimenduek.
  6. Elkarte gastronomikoak: Itxita jarraituko dute.
  7. Joko eta apustu etxeak: Tabernak bezala, 23:00etatik 06:00etara, itxita egongo dira.
  8. Establezimenduak: Gehieneko edukiera adierazi beharko dute jendaurrean, eta neurriak hartu beharko dituzte segurtasun tartea mantentzeko. Gutxienez hiru aldiz aireztatu behar dute lokala. 20:00etatik 08:00etara ezin dute alkoholik saldu (ostalaritzan, bai).
  9. Azokak: Aire zabalean egiten diren azoketan, gehienez postuen erdiak jarri ahalko dira, eta metro eta erdiko distantzia beharko da postu batetik bestera. Bezeroen joan-etorria ere mugatuta egongo da, distantzia mantentzeko.
  10. Hilbeilak eta ehorzketak: Beilatokietan ezin dira 30 pertsona baino gehiago bildu aire zabalean. Barneko eremuetan, berriz, gehienez sei lagun batu ahal izango dira. Ehorzketetan eta errausketetan,
    aire zabalean 30 lagunekoa da muga, eta barruan, hamar lagunekoa. Uneoro maskara erabili beharko da.
  11. Kultu lekuak: Ohiko edukieraren erdia bete ahalko da gehienez, eta metro eta erdiko distantzia gorde beharko da pertsona batetik bestera.
  12. Kultur jarduerak: Erdira jaitsi beharko dute ekitaldia egin nahi den lekuko edukiera, eta ezin izango dira 400 lagun baino gehiago elkartu —aire zabalean, 600 lagun—. Metro eta erdiko distantzia beharko da publikoan daudenen artean (elkarrekin bizi direnek aukera izango dute elkarren alboan jartzeko).
  13. Kirola: Dekretuak hau dio: Taldeko edozein kirol jarduera eten egiten da. Bakarka bakarrik egin ahal izango da kirola. Badira salbuespenak: gimnasioetako ikastaroak taldean egin daitezke —maskararekin—, eta onartuta daude lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean ari diren taldeen entrenamenduak eta partidak ere. Profesionalak ez direnenek gehienez sei lagun elkartu ahal izango dira entrenamenduetan, eta lehiaketak etenda daude. Kirol instalazioetan, edukieraren erdia bete ahalko da gehienez. Eskola kirolari dagokionez, dekretuak dio 16 urtetik beherakoentzako kirol jarduera antolatuak etenda gelditzen direla.
  14. Garraio publikoa: Ez dago edukieraren mugarik garraio publikoetan: Ibilgailuen gehieneko edukiera bete arte sartu ahal izango da jendea. Garraio publikoak 24:00etan du abiatzeko azken ordua, etxeratze agindua indarrean ezarri eta ordubetera. Taxiek eta ibilgailu gidaridunek ez dute ordutegi muga hori.
  15. Auto pribatua: Ibilgailuan sartzen den gehienezko jende kopurua joan daiteke autoan. Elkarrekin bizi direnak soilik badoaz ibilgailuan ez dute maskara jarri beharrik izango; bestela, bai. 6 urtetik gorako guztiek jantzi beharko dute maskara kasu horretan.