21 kasu berri atzeman dituzte asteburuan Elgoibarren eta intzidentzia tasak gora egin du

Barren.eus 2020ko urr. 26a, 14:03

Osasun Sailak gaur eman ditu jakitera herriz herriko asteburuko PCR proben emaitzak. Barikutik domekara bitartean 21 koronabirus kasu baieztatu dituzte Elgoibarren (29 izan ziren aurreko asteburuan). Mendaron bi kasu berri zenbatu dituzte.

Aurreko asteburuan baino kasu gutxiago atzeman dituzten arren, 100.000 biztanleko azken 14 egunetako tasak gorantz jarraitzen du Elgoibarren. Une honetan 889,08koa da intzidentzia tasa (654,5ekoa zen barikuan), eta ondorioz, Osasun Sailaren semaforoari erreparatuta, gorriz dago Elgoibar, Gipuzkoako beste 29 herri dauden moduan. Mendaron 561,01ekoa da 100.000 biztanleko azken 14 eguneko tasa.

Debarrarrenan eskualdeko herri guztietan zenbatu dituzte kasu positiboak azken hiru egunetan, guztira 152 positibo (139 izan ziren aurreko asteburuan). Hona hemen eskualdeko datuak, urriaren 23tik 25era bitartekoak. (*herri bakoitzari dagokion intzidentzia tasa parentesi artean).

  • Eibar 66 (690,01)
  • Ermua 32 (791,82)
  • Elgoibar 21 (889,08)
  • Soraluze 17 (1447,80)
  • Deba 8 (716,25)
  • Mutriku 4 (506,19)
  • Mallabia 2 (1192,50)
  • Mendaro 2 (561,01)

 • Hego Euskal Herriko datuak

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, joan den barikuan zenbatu zituzten kasu gehien: 1.210 guztira. Egun horretan bertan egin zituzten PCR proba gehien, 13.892. Zapatuan 11.050 proba egin zituzten hiru herrialdetan, eta 1.012 positibo baieztatu zituzten. Domekan, 10.580 PCR proba egin zituzten, eta 940 positibo atzeman zituzten. Oro har, Araban positibo kopuruek beherantz egin dute, baita Gipuzkoan ere. Bizkaian, berriz, antzerako datuak izan dituzte azken hiru egunetan. Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan bizi ez direnen beste 36 positibo ere detektatu dituzte.

Ospitaleratzeei dagokionez, 76 lagun daude hiru lurraldeetako ospitaleetako Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU), joan den eguenean baino zazpi gehiago. Zapatuko datuen arabera (domekako daturik ez du eman Osakidetzak), 351 lagun daude gaur egun ospitaleratuta "COVID-19arekin lotutako gaixotasunekin".

Nafarroak 50 kasu berri erregistratu zituen domekan, hau da, aurreko egunean baino nabarmen gutxiago, nahiz eta oso kopurua oraindik ere kezkagarria den. Izan ere, larunbatean 698 positibo zenbatu zituzten, inoiz baino gehiago. Domekan 3.167 PCR proba eta antigenoen test egin ziren Nafarroan eta positibo tasa % 15,8koa izan zen, hau da, 501 kasu, foru gobernuak emandako datuen arabera.

Jaurlaritzako agintariek gaur arratsaldean zehaztuko dituzte hemendik aurrera bete beharreko arauak.

∞Lotura duten albisteak: