28 koronabirus kasu atzeman dituzte aste honetan Elgoibarren

Barren.eus 2020ko urr. 23a, 12:40

Astelehenetik eguenera arteko datuei erreparatuta, 28 koronabirus kasu zenbatu dira Elgoibarren, eta bakarra Mendaron. Une honetan semaforoa gorri duten herrien artean dago Elgoibar, 750,97ko inzidentzia tasarekin. Mendaro ez dute gorriz markatu 5.000 biztanletik beherako herria delako, baina hango inzidentzia tasa 654,51koa da. 

 

Azken lau egunetan 28 positibo berri atzeman dituzte Elgoibarren, eta ondorioz, alarma gorrian jarraitzen dugu, 654,51ko inzidentziarekin. Atzo bertan sei kasu berri atzeman zituzten Elgoibarren,eta astelehen eta eguaztenean bederatzina positibo zenbatu zituzten. 14.144 test egin zituzten atzo Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietako 1.207 izan ziren positiboak, %8,5a, hain zuzen ere. Azken egunetan gora egin dute koronabiruz kasuek EAEn, eta baita Elgoibarren ere (joan zen astean astelehenetik eguenera 25 kasu atzeman zituzten gure herrian, eta asteburuan 29). Mendaron, aldiz, joan zen astean bi kasu atzeman zituzten, eta asteburuan zazpi. Aste honetan, kasu positibo bakarra egon da Mendaron, eta Osasun Sailaren semaforoan gorriz agertzen ez den arren, inzidentzia tasa 654,51koa da. Atzo bertan jakinarazi zituen Jaurlaritzak gorriz markatutako herrientzako hartu dituzten neurri eta gomendioak, eta boletin ofizialean argitaratu bezain pronto jarriko dira indarrean. Besteak beste, ostalaritzako establezimenduak 21:00etan itxi beharko dute, parkeak itxia egongo dira 21:00etatik 06:00ak arte eta kirola bakarka egin beharko da. Gipuzkoan 22 udalerri daude gorriz une honetan, eta Bizkaian sei. 

Bailarari dagokionez, 120 kasu zenbatu dituzte astelehenetik ostegunera bitartean, eta gehienak Eibarren izan dira: 

  • Eibar: 43
  • Ermua: 39
  • Mallabi: 5
  • Deba: 10
  • Soraluze: 16
  • Mutriku: 7 

Ospitaleen egoeran dago kezka nagusia, azken egunetan ospitaleratze kopuruak ere gora egin duelako. Atzo 57 lagun ospitaleratu zituzten, eta EAEn guztira 339 lagun daude ingresatuta, horietatik 69 ZIUn.