Elgoibar bezala alerta gorrian dauden udalerrietan 21:00etan itxi beharko dute tabernek eta ezingo da talde kirolik egin

Barren.eus 2020ko urr. 22a, 21:14
Koronabirusa gehiago zabaldu ez dadin, neurri murriztaileagoak iragarri ditu gaur iluntzean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, LABI babes zibilerako planaren aholkulari batzordearen bilera bukatu berritan. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eman du notizia eta esan du bi agindu argitaratuko dituztela bihar Euskal Herriko boletin ofizialean. Aginduok bihar bertan jarriko dira indarrean. Lehen aginduan Gipuzkoa, Araba eta Bizkai osorako neurriak jaso dituzte, eta tartean daude honako hauek: espazio itxi nahiz zabalean bilkurak gehienez sei pertsonara mugatzeko gomendioa, edukierak %50era murriztea jardun guztietan eta ostalaritzako lokalek gauerdian itxi beharra. Bigarren agindua COVIDaren semaforoan alerta gorrian ageri diren udalerrietarako izango da.Gipuzkoan 20 herri ageri dira gorri koloreko semaforoan, tartean Elgoibar, eta Bizkaian, bost. 100.000 biztanleko 500 kasu positibo dituzten 5.000 biztanlez gorako udalerriak dira denak eta haietan mugikortasuna are gehiago mugatu nahi du Jaurlaritzak, birusa gehiago zabaldu ez dadin. Bereziki hiru neurri azpimarratu ditu Elgoibarren egoera berean dauden herrietarako: Batetik, derrigorrezko ez diren kasuetan herri horietatik ez irteteko eta haietara ez joateko gomendioa egin du. Hau da, ez irtetea eta ez sartzea herri horietan, ez baldin bada osasun-zentro, zerbitzu eta establezimendu batera joateko, edo ez bada lanera, ikastera edo mendekoak diren pertsonei laguntzera joateko. Ohiko bizilekura itzultzea ere ezinbestekoen artean sartu du. Bestetik, tabernei 21:00etan itxi beharko dute, eta hirugarrenik, kirola bakarka baino ezingo da egin. Neurri gehiago ere badira, baina. Hona, puntuz puntu, bi aginduetan jasotakoak
 
SEMAFORO GORRIAN DAUDEN HERRIETARAKO NEURRIAK.
 
Gomendio orokorrak:
 
  • Herritarrentzat: ez irten herritik ezinbestekoa ez bada. Kanpokoentzat: Ez joan/etorri, derrigorra ez bada.
  • Gizarte-topaketak elkarbizitzarako talde egonkorretara mugatu
  • Bertan behera utzi edo atzeratu ezinbestekoa ez den edozein familia-edo gizarte-jarduera. 
  • Ahal den neurrian, espazio itxietan egiten diren gizarte-topaketak bizikidetzako talde egonkorrera murriztu.
 
Neurri orokorrak:
 
  • Bertan behera utziko da taldeko edozein kirol-jarduera, bai instalazio itxietan, bai irekietan.
  • Kirola bakarka baino ezingo da egin.
  • Haur-parkeen, parke publikoen eta terrazen erabilera debekatuta egongo da, 21:00etatik 08:00etara.
  • Debekatuta egongo da 21:00ak eta 08:00ak bitartean alkohola saltzea merkataritza-establezimenduetan.
  • Merkataritza-establezimenduek 21:00etan itxi beharko dute, elikadura-establezimenduek, farmaziek eta erregaien zerbitzuguneek izan ezik
 
Ostalaritzan
  • Ezingo da barran kontsumitu. Eserita eta mahaian kontsumitu beharko da.
  • Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuek 21:00etan itxi beharko dute. Ordu horretatik aurrera lokala itxita eta jenderik gabe egon beharko da, eta ezingo dute 06:00ak aurretik zabaldu. 
  • Zutikako kontsumoa (koktelak eta antzerakoak) debekatuta egongo dira.
 
GIPUZKOA, ARABA ETA BIZKAI OSORAKO NEURRIAK
 
  1. Edozein talde edo bileratan gehienez ere sei pertsonak parte hartzea gomendatzen dute.
  2. Hil-beiletan gehienez 30 lagun elkartu ahal izango dira, aire libreko espazioetan, eta sei, espazio itxietan.
  3. Ehorzketan edo gorpua erraustu osteko azken agurrean 30 lagun batu ahalko dira gehienez, aire librean egiten bada. Espazio itxian eginez gero, gehienez 10 lagun batu ahalko dira. Eta kasu guztietan, maskara janztea derrigorra izango da.
  4. Gurtzako espazioetan edukiera %50ekoa izango da
  5. Ostalaritzako, jatetxeetako, txokoetako eta sozietate gastronomikoetako establezimendu eta zerbitzuetan barruko edukiera, gehienez: % 50koa izango da. Terraza osoa hartu ahal izango da, baina. Mahaien artean, hori bai, 1,5 metroko tartea gorde beharko da, eta mahai bakoitzeko gehienez sei lagun egon ahal izango dira, bai barruan zein kanpoan. Kontsumitu eserita kontsumitu beharko da eta maskara, orain bezala, edateko edo jateko baino ezingo da kendu. Ostalaritzan beranduenez 00:00etan itxi beharko dituzte lokalak. Itxi eta jendez hustu ere bai. Era berean, txoko eta elkarte gastronomikoek itxi egin beharko dute.
  6. Kultura, kirol eta gizarte-jardueretarako ere aforoak ezarri ditu. Aforoa %50ekoa izango da denetan.
  7. Kirol instalazioetarako  ere gehienez %50eko aforoa zehaztu dute. Kirol-lehiaketak, ekitaldiak eta ikuskizunak leku itxietan egin  ahal izango dira, gehienez % 50eko edukierarekin eta gehienez 400 lagun elkartu ahal izango dira; eta aire zabalean ere aforoa %50ekoa izango da, baina gehienez 600 lagun elkartu ahal izango dira. Kulturarako ere balio du neurri horrek.  
  8. Jarduera fisikoa aire zabalean. Ezingo da kontaktu fisikorik egon eta gehienez sei laguneko taldeetan egin ahal izango da kirola.
  9. Eskola kirola (eskolaz kanpoko ordutegian egiten denean). 2007tik gerora jaiotako ikasleek ezingo dute parte hartu.
Esandako horiek guztiez gain Jaurlaritzak gogorarazi du indarrean jarraitzen dutela oraindik beste neurri hauek:
  1. Gaueko aisia: diskotekak, dantza-aretoak, eta pub-ek itxita jarraitzen dute.
  2. Garraio publikoa: azkeneko zerbitzua 01:00etan emango dute.
  3. Lonjak eta gazte lokalek itxita jarraitzen dute.
  4. Tabakoa: Debekatuta dago espazio publikoetan erretzea, erretzaileak ezin badu bi metroko distantzia gorde gainerakoengandik. 
  5. Botilatzarra egitea debekatuta dago
  6. Maskara erabiltzea derrigorra da.