Gaur arratsaldean erabakitzekoa dute zein neurri hartu COVID-19aren semaforoan gorri ageri diren herrietarako

Barren.eus 2020ko urr. 22a, 11:19

 

Semaforoak kolore berde, hori, laranja edo gorriarekin sailkatzen ditu 5.000 biztanletik gorako udalerriak, azken bi asteetan azaleratutako koronabirus kasu berrien arabera. Kolorea berdea da intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 60 kasutik beherakoa denean; horia, 60-299 kasu artekoa denean; laranja 300-499 kasu artekoa denean; eta gorria, 500 kasukoa edo gehiagokoa denean. Eta semaforo horretan gorri ageri da Gipuzkoa, eta gorri Elgoibar ere, barikuaz geroztik (11.000 biztanle inguru ditu Elgoibarrek eta intzidentzia tasa 742,34koa da gaur. Atzo bederatzi kasu positibo atzeman zituzten).  Eta gaur, 18:00etan, batzarra egitekoa du babes sozialerako Euskadiko planaren aholku batzordeak (LABI), semaforoan gorri koloreko ageri diren herrietan zein neurri hartu aztertzeko.  2.000 biztanle pasatxoko herria izanda, Mendaro ez da semaforo sistema horretan sartzen, baina egoera larria da han ere. Atzo kasu positibo bat atzeman zuten Mendaron eta intzidentzia tasa 748,01ekoa da.