Arlo publikoan zein pribatuan gehienez sei laguneko taldeak elkartu ahal izango direla jakinarazi du Jaurlaritzak

Barren.eus 2020ko urr. 17a, 20:01

Kutsatzeen joera goranzkoa dela ikusita eta gora egiten jarraituko dutela aurreikusita, neurri murriztaileagoak iragarri ditu gaur Eusko Jaurlaritzak. Pertsonen mugikortasuna eta jendea elkartzeak mugatuko ditu. Neurriok datozen astean sartuko dira indarrean, EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi eta gero.


Biziberri II planean aurreikusitako bost egoeretatik laugarrenean dago Euskal Autonomia Erkidegoa, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakitera eman duenez, eta Gipuzkoako egoera jo du bereziki kezkagarritzat. Izan ere, Gipuzkoan daude 841 kasu berrietako 430. Egoeraren larria ikusita, hainbat neurri iragarri dituzte. Laburbilduz honako hauek:

  • Talde bilerak, eremu pribatukoak zein publikokoak, gehienez sei pertsonakoak izan ahalko dira (Orain arte hamar pertsonako taldeak elkartu ahal ziren gehienez).
  • Edukiera ere mugatu du jarduera guztietan. Hala, ostalaritzan (terrazetan salbu), kultur ekitaldietan, ospakizun erlijiosoetan, eta igogailuetan, besteak beste, edukiera %50ekoa izango da gehienez.
  • Ostalaritzako establezimenduek 00:00etan itxi beharko dituzte ateak.
  • Haurrentzako parkeak ezingo dira 23:00etatik aurrera erabili, itxi egingo dituztelako, boteilatzarrak egitea saihesteko.
  • Jende elkartze handietan ere muga ezarri dute: eremu txikietan egiten direnetan, gehienez, 400 lagun batu ahalko dira, eta espazio libreetan egiten direnetan, 600.
  • Txoko eta elkarte gastronomikoak itxi egin beharko dira, eta kirol lehiaketa ez federatuak bertan behera geldituko dira.

Osasuneko sailburuak zehaztu du hiru Biziberri II Planean ezarritako hiru adierazletan oinarrituta aztertu dutela egoera epidemiologikoa eta asistentziala, eta horren arabera hartu dituztela neurriok. Hamalau egunetan metatutako intzidentzia tasa da adierazleetako bat, kutsakortasun indizea bestea eta ZIUetan okupatutako ohe kopurua hirugarrena. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 300etik gorakoa da, 323,81ekoa zehazki. Kutsakortasun indizea, berriz, batetik gorakoa da: 1.27koa, eta azkenik, une honetan 50 pertsona baino gehiago daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan COVID-19arekin. Horren harira zehaztapen bat ere egin du, hala ere: "50 pertsona baino gehiago daude zainketa intentsiboetan, baina 620 ohe ere izan ditzakegu COVID-19 kasuetarako; oraindik badugu gaitasun ospitalarioa".

  • Osakidetzaren protokoloa
Osakidetzaren protokoloa ere moldatu dute. Batetik, esan dute zaintza eta kontaktuen miaketa indartuko dutela, eta 45 pertsona gehiago jarriko dituztela lan horretara. Bestetik, kasu positiboen isolatze-denbora 10 egunera murriztuko dute, sintomak agertzen direnetik, edo ospitaleratuta egon diren pazienteen kasuan, ospitaleko alta ematen dietenetik hasita (Lehen, 14 egunekoa zen egoitzetan eta ospitaleratuetan), baldin eta gutxienez 3 egun egon badira sintomarik gabe. Eta azkenik kontaktuen berrogeialdia 10 egunera jaitsi da, gaixotasunen prebentziorako eta kontrolerako Europako zentroaren gomendioei jarraituz.