Edukiontzi kanpoetan agertzen diren zabor poltsa kopuruarekin kezkatuta, neurriak hartuko ditu Mankomunitateak

Barren.eus 2020ko urr. 16a, 12:08

Edukiontzi kanpoetan agertzen diren zabor poltsa kopuruarekin "kezkatuta" daude Debabarreneko Mankomunitateko arduradunak. Arau haustea dela gogorarazi dute eta 300 eurora arteko isunak ezarri ditzaketela.

Herritar batzuek edukiontzi kanpoan lagatzen dituzten zabor poltsa kopuruarekin kezkatuta daudela jakinarazi dute Debabarrena Mankomunitateko arduradunek, eta herritarrei gogorarazten diete, isunak jartzen hasiko ez badira ere, arau hauste arina dela, eta 300 eurorainoko isuna ezarri dezaketela zabor poltsak edukiontzi kanpoan uzteagatik, halaxe jasota baitago ordenantzan.

Datuak ere eman dituzte egoeraz ohartrazteko. "Alarma egoeraren aurretik, egunero 1000 kilo hondakin inguru jasotzen ziren eskualde osoan edukiontzi kanpoan utzitako poltsetan. Konfinamenduan kopuru hau murriztu bazen ere, uda ondoren berriro gora egin du eta 800 kilo hondakin baino gehiago jaso dugu irailean", adierazi dute. Mankomunitateak egunero biltzen ditu poltsa horiek herriak garbi mantentzeko, baina herritarrei zabor poltsak edukiontzi barruan sartzeko eskatu diete.

Mankomunitateak dio helburua ez dela isunak jartzen hastea; hori egiten duten herritarrei jarreraz aldatzeko eskatzea baizik. "Mankomunitatearen helburua ez da isunak jartzen hastea, baina jarrera aldaketa bat ikustea ezinbestekoa da eta dei egiten diegu oraindik ere zabor poltsak kanpoan uzten dituzten herritarrei jarreraz alda dezaten", esan dute.

Arazoa aspalditik datorrela gaineratu dute. "Urteak dira eskualdeko edukiontzien ondoan zabor poltsak agertzen direla. Mankomunitatea jakinaren gainean dago aspalditik, eta gauero pasatzen da langile bat herrietatik poltsa horiek jasotzera. Zoritxarrez, kasu batzuetan goizean goiz lagatzen dituzte poltsok edukiontzi kanpoan eta egun osoan egoten dira kalean, itxura txarra emateaz gainera, ingurumen arazoak sortuz".

Ondorengo grafikoan ikusten da edukiontzi kanpoan utzitako zabor poltsen kopuruaren bilakaera. Hilabete bakoitzean egunero edukiontzi kanpoko poltsetan jasotzen den zaborra kilotan ageri da.

2020 10 16 zabor poltsak edukontzi kanpoan bilakaera mankomunitatea debabarrena