Izurrite garai hauetan umeen eta nerabeen bizipenak jasotzeko ekimena jarri du abian Atxutxiamaikak

Barren.eus 2020ko urr. 16a, 10:09

Eta zuk, zer daukazu esateko? galdetuko diete Elgoibarko umeei eta nerabeei Covid19aren pandemia hasi zenetik izan dituzten bizipenak jasotzeko ekimenean. Atxutxiamaikak jarri du abian, Udalarekin lankidetzan, eta testigantzak batu ostean liburuxka batean argitaratuko dituzte.

“Kontaiozu lagun bati COVID-19aren izurriteak eragin dizkizun edota eragiten dizkizun bizipenak”, azaldu dute Elgoibarko Izarrako Atxutxiamaika aisialdi saileko arduradunek, ekimen honen dinamikaz. Marrazki bat, argazki bat edo idazlan bat erabili dezakete bizipenok azaleratzeko. Hona mailaz mailako zehaztapenak:

  • LH 1, 2, 3: irudia erabili daiteke, baina hitzen bat izan beharko du.
  • LH 4, 5, 6: idatzizko lanaz gain; bertsoa, idazlana... nahi dena gehitu daiteke: argazkia, marrazkia...
  • DBH+BATXI: idatzizko lanaz gain; bertsoa, idazlana... nahi dena gehi daiteke: marrazkia, argazkia...

Hiru produktu sorta zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean, bat adin tarte bakoitzeko. Jasotako lan guztiekin liburuxka bat osatuko dute, bizipen guztiak jasota gera daitezen. Lanak entregatzerakoan, ezizena erabili daiteke.

 • “Bidal ezazue mezu positibo bat”
Bigarren ekimen bat ere jarri dute abian, kasu honetan gizarteari mezu positibo bat bidaltzeko eskatu diete umeei; eta euren familiei, eta nerabeei. Nahi den gaiaren ingurukoa eta nahi den formatuan aurkeztu daitezkeela mezuak zehaztu dute: poster bat, bertsoa, antzerki eran, abestia, idazlana, argazkia, e.a.

  • HH4-LH2ko umeek heldu batekin batera sortu beharko dute.
  • LH3-LH6 heldu batekin nahiz lagunekin sor dezakete.
  • DBHeta BATXIkoek heldu batekin nahiz lagunekin sor dezakete.

Lau produktu sorta zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean, bat adin tarte bakoitzeko. Jasotako lanak euskarri digitalen batean bilduko dituzte. Agertzerik nahi ez duenaren lana ez dute argitaratuko, baina zozketan parte hartuko du.

Lanak atxutxiamaika@elgoibarkoizarra.eus e-postara bidal daitezke eta baita Elgoibarko Izarraren bulegora (Aita Agirre 3, 3 ezkerra) eraman ere, abenduaren 1a baino lehen.

2020 10 16 atxutxiamaika zer daukazu esateko pandemiaz kartela