Abian da gripearen aurkako txertoaren kanpaina

Barren.eus 2020ko urr. 13a, 09:25

Osakidetzak gaur, hilak 13, jarri du martxan berritasunekin datorren gripearen aurkako txertaketa kanpaina. Aurtengoan OSIko profesionalek deituko diete 65 urtetik gora dituzten, patologia kronikoren bat duten edo haurdun dauden herritarrei. Arrisku taldeetakoak ez diren pertsonek, berriz, hirugarren fasean jasoko dute txertoa, urriaren 31tik aurrera.

 'Aurten, inoiz baino gehiago, gripetik aldendu!' leloa du gripearen aurkako aurtengo txertaketa-kanpainak. Osakidetzak iragarri du COVID19-aren ondorioz segurtasun-neurri zorrotzagoak hartuko dituztela, horregatik, Osakidetzak berak emango die hitzordua txertoa hartu behar dutenei. OSIko kideak jarriko dira pazienteekin harremanetan, eta txertoa non eta noiz hartu zehaztuko diete. Kanpainak bi hilabete iraungo du, eta eskatu dute deia jaso arte "lasai" egoteko: "Hitzordua jaso arte itxoin eta ez joan osasun zerbitzuetara kanpaina abian jarri orduko".

 • Elgoibarren Jubilatuen Biltokian emango dituzte txertoak

Osakidetzak txertoak emateko leku bereziak prestatu ditu, txertaketak segurtasunez emateko. Guztira 300 gune inguru egokitu dituzte, eta leku horien herena Osakidetzaren saretik kanpo dagoela da berritasun nagusia. Halaxe izango da Elgoibarko kasuan, Jubilatuen Biltokian finkatu baitute txertaketa gunea. Mendaron, berriz, kontsultategian emango dituzte txertoak.

Kanpaina guztia koordinatzeko zerbitzu berria jarri dute abian Osakidetzak –astean zazpi egunetan, 08:00etatik 22:00etara izango da–. Herritarren deiak jasoko dituzte hor, txertaketa-txandak zehaztu eta emandako hitzordu horiek aldatu edo ezereztu. Hain zuzen ere, Osarean-ek eskainiko duen zerbitzu berri horretara bideratuko dituzte osasun etxeetatik txertaketa-kanpainaren gaineko deiak.
 • Hiru fasetan

Txertaketa-denboraldia hiru fasetan antolatu du Osakidetzak. Lehen fasean (urriaren 5ean hasi zen), egoitzetako pertsonei eta osasun arloko profesionalei eman diete txertoa. Gaurtik abian den kanpainako bigarren fasean honako hauei zuzenduta dago arrisku-taldeak direlako:

  • 65 urte baino gehiago dituztenak
  • Gaixotasun kronikoak dituztenak: diabetesa, BGBK, kardiopatiak...
  • Haurdun dauden emakumeak
  • Profesional sanitarioak

Arrisku taldeetakoak ez diren pertsonek hirugarren fasean jasoko dute txertoa. Horiek hitzordua eskatu beharko dute osasun zentroetara deituta, eta urriaren 31etik aurrera hasiko dira horiek txertatzen. Osakidetzak jakitera eman duenez, guztira 558.000 dosi dituzte, iaz baino heren bat gehiago, eta bi milioi euroko inbertsioa egin dute.

Informazio osoagoa hemen