Mendaroko Udalak hainbat ekintza eta zerbitzu jarri ditu berriro abian

Barren.eus 2020ko urr. 6a, 10:40

Mendaroko Udalak jakitera eman du hainbat ekintza eta zerbitzu berriro martxan daudela, besteak beste, Azpilgoetako Kultur Etxean emango dituzten ballet, pilates, dantza modernoak, euskal dantzak, xakea eta antzerkia.

Era berean, Mendaroko Ludoteka, gaztelekua eta pelota eskola ere martxan daude.

 • Segurtasun neurriak
Segurtasun neurriak bermatzeko, ekintza bakoitza neurri bereziak errespetatuz egingo dela ohartarazi du Mendaroko Udalak. Azpilgoetako Kultur Etxeko goiko aretoan gehienez hamar pertsonako aforoa dago eta behekoan, berriz, bost pertsonakoa. Ikasturte hasieran Udalak arduradunei eskuak garbitzeko gela banatuko die. Gaztelekua irailaren 18an hasi zen eta gehieneko aforoa 38 pertsonakoa da, arduraduna barne, eta ludoteka, berriz, irailaren 21ean hasi zen 30 pertsonako aforoarekin. Ekintza guztietan garbiketa zerbitzua indartu du Udalak eta erabiltzaileek onartze-orri bat sinatu beharko dute, non adierazten duten sintomarik ez dutela eta tenperatura hartuta etorri direla. Saioak amaitu ondoren, arduradunek materiala garbitu eta lokala aireztatuko dute, eta Udalak gomendatzen du ikastolak antolatutako talde egonkor berdinekin aritzea. Ezinbestekoa da zerbitzu guztietan maskara erabiltzea eta pertsonen artean 1,5 metroko distantzia mantentzea.

2020 10 06 2016 05 06 pilotaeguna 2015
 • Pilota eskola martxan
Mendaroko pelota eskola gaur, urriak 6, hasiko da eta lehentasuna izango du pilotalekuaren erabileran, astearteetan 17:00etatik 19:00etara, eta ostegunetan 17:00etatik 18:00etara, eta segurtasun neurri guztiak bermatuta daudela zehaztu du Udalak. Ordu horietan ezingo da beste inor sartu pilotalekura.
Komun publikoak itxita mantenduko dira.