36ko gerran Zirardamendi inguruetan hildako gudariak omentzeko ekitaldia egin zuten domekan

Barren.eus 2015ko ira. 21a, 10:30

36ko gerran Zirardamendiko batailan hil ziren euskal gudariei omenaldia egin zieten atzo, hilak 20, senide eta erakundeek. Sabino Arana Fundazioak jakinarazi duenez, urtero egin nahi dute gudarien ahalegina eskertu eta oroitzeko ekitaldia, iraileko azken aurreko domekan.

Jose Landa eta Jose Maria Otxoa de Txintxetru gudariek frankismoko garaiko hainbat hamarkadatan 36ko gerran hildako lagunei omenaldia egin zieten modu bertsuan, gudarien familiarteko batzuek eta hainbat erakundetako kideek lore-eskaintza egin zieten atzo (irailak 20) Zirardamendin, 1952. urtean inguru horretan hil zituzten gudarien omenez jarritako gurutzean.

Aiastiatik abiatu eta fronteko leku horretara joan ziren gudarien senitartekoak eta agintariak, besteak beste, Elgoibarko alkate Ane Beitia; Bildu eta EAJ-PNVko zinegotziak; Elgoibar1936 elkarteko Iñaki Odriozola; eta Sabino Arana Fundazioko zuzendari Irune Zuluaga. 

1936ko irailaren 25an hamalau euskal gudari hil zituzten Zirardamendiko frontean, Mola jeneralaren tropen kontrako liskarretan: José Txintxurreta, Paulino Beraza, Juan Zabala, Blas Larrazeleta, Ambrosio Etxebarria, Felipe Elorriaga, Sabin Atutxa, Emeterio Llavori, Eusebio Gaubeka, Juan Agirre, Imanol Etxebarria, Marcelino Gandarias, Miguel Palacio eta Félix Arbulu.

"Gudari horien balentria heroikoak frankisten konkista atzeratu zuen eta, horri esker, lehen Eusko Jaurlaritza eratu zen Gernikan ", nabarmendu du Sabino Arana Fundazioak ohar batean.

Urtero irailaren azken aurreko igandean antolatu nahi izango luketen ekitaldi honen bidez, antolatzaileek gogorarazi nahi izan dute euskal soldadu gazte horien ahalegina eta azpimarratu nahi izan dute memoria historikoa “funtsezko” bidea dela elkarbizitza eta adiskidetzea sustatzeko.

2015 09 20 zirardamendi lora eskaintza

Lotura duten albisteak: