Ospitaleetako beharginen protesta kalitatezko osasun publikoaren alde

Barren.eus 2020ko ira. 26a, 11:42

Osakidetzako langileek mobilizazioak hasi dituzte gizarteari euren "muturreko egoera" ikustarazteko. Lehen Arretako zentroetan egin zituzten protestak joan den astean eta bariku honetan ospitaleetako beharginen txanda izan da. Mendaroko Ospitaleko hainbat langilek ere bat egin zuten geldialdiarekin.

Aurreko astean lehen mailako arretako osasun zentroetan egin zuten bezala, Osakidetzako ospitaleetako langileek kontzentrazioak egin zituzten barikuan, hilaren 25ean, kalitatezko osasun publikoaren eta langileen eskubideen alde. LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deitutako mobilizazioek jarraipen zabala izan dute eta, besteak beste, Mendaroko Ospitalean Eibar Ospitalean elkarretaratu ziren beharginak, eguneroko lanean baliabideak eta materiala falta zaiela eta pandemian jasandako muturreko lan baldintzak salatzeko. Osasun sistema publikoaren gabeziak pandemiak larriagotu bai baina ez dituela hark sortu ohartarazi dute, egiturazko arazoak direla, murrizketen ondorio, eta konponbideak ere halakoa izan behar duela aldarrikatu dute. (ikus hemen sindikatuen argitara emandako agiria)

Arrazoi horiengatik protesta egiteko manifestazioa egingo da urriak 3an, Bilbon, 12:00etan Jesusen Bihotzetik abiatuta.

Osasun Sailak eta Osakidetzak langileei ohar bidez erantzun die (ikus hemen). Onartu dute Euskal Osasun Sistema "indartu beharra" dagoela, eta horretarako datozen lau urteetan lehen arretan 4.000 lanpostu sortzea aurreikusita dagoela gogorarazi dute. Era berean, Osakidetzak inbertitzen dituen hiru eurotatik bat lehen mailako arretara bideratzen dela nabermendu dute. Jaurlaritzako ordezkariek diote osasun langileek mobilizatzeko eskubidea dutela, baina ez dutela uste unerik egokiena denik. “Ondorioak euskal herritarrek jasango dituzte, eta are gehiago pandemiaren garai honetan”. Elkarrizketarako “beti prest” egon direla diote, eta orain ere prest daudela.