Lau kasu positibo atzeman ditu Osakidetzak Elgoibarren azken PCR probetan

Manex Astigarraga 2020ko ira. 25a, 13:43

Elgoibarren beste lau kasu positibo atzeman ditu Osakidetzak atzo, eguena, egindako PCR probetan. Debabarrena eskualdean 18 kasu zenbatu dituzte, aurreko egunean baino bost gehiago.

 Debabarrenan atzemandako kasu kopuruak egunez egun gora egin du asteon: hamar zenbatu zituzten martitzenean, hamahiru eguaztenean eta 18 atzo, eguena.

Debabarrenako datuak, herriz herri (irailak 24)

  • Eibar 5
  • Elgoibar 4
  • Ermua 4
  • Deba 3
  • Mutriku 1
  • Soraluze 1
  • Debabarrena 18

Irailaren 24an, eguena, 9.118 PCR proba egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Osasun Sailaren arabera, eta horietatik, 383 (%4,2) izan ziren positiboak. Herenegundik behera egin dute kasuek, 135 gutxiago zenbatu baitituzte. Lurraldeen arabera, 159 kasu zenbatu zituzten Bizkaian, 141 en Gipuzkoan eta 70 Araban. Horiez gain, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren hamahiru pertsonak ere positibo eman zuten.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan, bestalde, 268 pertsona daude ospitaleratuta, Osasun Sailaren arabera "COVID-19aren ondorioz". Atzo, beste 28 pertsona ospitaleratu zituzten, eta Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) 46 pertsona daude. Birsorkuntza tasa edo R0 indizeak, azkenik, behera egin du herenegungo datuekin alderatuta, 0,92an kokatu baitzen atzoko proben ondoren.

∞Lotura duten albisteak: